Arantza Egaña: "Adinekoekin lan egiten dutenen lana inork ez du baloratzen norberari tokatu arte haien premia izatea"

Barren.eus 2020ko api. 24a, 09:52

Koronabirusagatik ezarritako alarma egoera honek pertsona edadetuei nola eragin dien jakin nahi izan du BARRENek aste honetako alean. Arantza Egañak (Mendaro, 1971) egunean zortzi orduz Mendaroko Eguneko zentroan izaten zuen aita, koronabirusaren zabaltzea eragozteko egoitza itxi zuten arte. Arantzaren aitak, Tomas Egañak, 89 urte ditu eta mendekotasun erabatekoa dauka.

“Gure aitak 89 urte bete zituen martxoaren 19an eta mendekotasun erabatekoa dauka. Dena egin behar zaio: jaten eman behar zaio, pardelarekin dago... Gure gurasoak bakarrik bizi dira momentuan, ama autonomoa delako eta gure laguntzarekin moldatzen delako, baina guretzat aita eguneko zentrora eramatea laguntza handia zen. Gainera, berak ere oso ondo hartu zuen hara joatea, guk bestera izango zela pentsatzen bagenuen ere, eta goizetan, zain-zain egoten zen eguneko zentrora joateko. Guri, berriz, egundoko arnasa ematen zigun aita 9:30etik 18:00ak arte ondo zaindua dagoen lekuan dagoela jakitzeak. Eta beraz, eguneko zentroa itxi izanak eragin handia izan du gure egunerokoan. Egia da etxez etxeko zerbitzukoak ere oso ondo ari direla portatzen eta momentuan nahikoa ondo konpontzen garela, baina aldaketa igarri dugu, bai. Etxez etxeko zerbitzukoa lehen ere etortzen zitzaigun. Goizean ordu t’erdiz etortzen zen, aita eguneko zentrora eramateko prestatzeko. Geu ere han egoten ginen, jakina, baina berak prestatzen zuen. Gero, arratsaldeko 18:00etan etortzen zen berriro, zentrotik etorritakoan ohera sartzen laguntzeko eta iluntzean etortzen zen, berriz, afaltzen ematera. Orain, arratsaldeko bisita eguerdira pasatu dugu, eta moldatzen gara. Mendaroko neska bat da etortzen dena, Irene, eta oso gustura gaude berarekin; zoragarria da. Beti bat etortzea ere oso garrantzitsua da, erreferentziazkotasun horregatik. Momentu honetan beraz, ama, neska hori eta neu gaude aita zaintzeko.

Nik ulertzen dut eguneko zentroak itxi izana egoera honetan, baina egia da guretzat laguntza handia zela, egunak 24 ordu dauzkalako eta gure aita ume txiki baten pare dagoelako une honetan, dena egin behar zaiola. Eta gure aitak 89 urte ditu, baina amak 83 urte dauzka eta ondo dagoen arren, bi aldiz dago mokorretik operatuta eta gaztetasuna joan zitzaion. Nik ere lortu dut agiri bat Ongizate Sailari eskatuta eta etortzen naiz laguntzera, baina karga handiena amak du, bera bizi delako etxean aitarekin. Nik askotan pentsatu izan dut eguneko zentroa izango ez bagenu, adinekoentzako egoitzaren batean sartu beharko genukeela aita ezinbestean, ama ere nagusia dugulako eta gu, seme-alabok, lanean gaudelako eta ez dugulako egun guztia aita zaintzeko. Zorionez, eguneko zentroak aukera ematen digu aita etxean izateko. Aitak berak ere igarri du aldaketa. Burua nahiko ondo dauka, momentuka nahasten zaion arren, eta hasieran oso gogorra egin zitzaion. Eguneko zentroa joan nahi zuela esanez hasten zuen eguna eta erori ere egin zitzaigun ohetik jaikitzeko ahalegina egin zuen baten. Haserre zegoen. Ez dakit oso kontziente den egoeraz, baina gu saiatu gara zer gertatzen ari den azaltzen. Orain, ohitu da, animaliak garelako eta denok ohitzen garelako egoera berrietara, baina ez zaio erraza egin, ez. Baina hori bera ikustea pozgarria da guretzat, horrek erakusten duelako gure aita oso pozik joaten zela eguneko zentrora.

Begira, adinekoekin lan egiten dutenen lana inork ez du baloratzen norberari tokatu arte haien premia izatea. Tokatzen zaizunean konturatzen zara egiten duten lanak ez daukala preziorik. Nik defentsa sutsua egingo nuke langile hauen alde. Pertsona zoragarriak dira, dena ematen dute eta izugarri ondo zaintzen dituzte gure zaharrak. Mendaroko eguneko zentroa ezagutzen dut nik eta horko berri emango dizut, besteetako berririk ez dudalako, baina Mendaroko eguneko zentroa, egoitza bera, oso egokia iruditzen zait: ez dago jendez lepo [15 erabiltzailerentzako lekua dute, baina gaur, 10 dira] eta han gure adinekoei ematen dieten tratua oso pertsonala da. Baina bai, oso sektore prekarizatua da, beharbada oso feminiziatua ere badelako, eta jende bat orain ari da konturatzen egiten duten lanaz. Guk geuk oso garbi geneukan zein beharrezko zaizkigun profesional hauek, izan egoitzetan lan egiten dutenak edo etxez etxe dabiltzanak, eta zein beharrezkoa den zaintza erdigunera ekartzea. Beharra dugunean konturatzen gara zer lan egiten duten lau zentimoren truke eta zein beharrezkoa dugun denok ere haurren eta nagusien zaintzari buruz gogoeta egitea. Azkeneko kontu bat esan nahiko nuke: oso garrantzitsua iruditzen zait umeei kalera irteteko baimena ematea, baina oso garrantzitsua iruditzen zait jende nagusia ere apur bat kontuan hartzea. Konturatzen naiz gure ama ere gogortuta gelditu behar zaigula egoera honetan. 60 metro koadroko etxe batean bizi gara, eta pasiloan aurrera eta atzera ibiltzen da, baina ez da berdina. Iruditzen zait, segurtasun kontu denak bermatuta, pasiatzeko ordutegi bat-edo jarri beharko litzaiekeela adinekoei ere. Bestela, lehen hamar bazeuden etxean geldi, hau amaitutakoan hogei izango dira, gogortuta geldituko direlako. Gure amari, adibidez, eguerdian kafea hartzera irteteak egundoko bizipoza ematen zion. Orain ezin du, baina berba eginda daukagu eta Txirristaka zabaltzen dutenean, egun oso bat pasatuko dugu biok hantxe, terrazan, kafea hartu eta hartu. Kalte egingo digu beharbada, baina berdin dio.