Espainiako Gobernuak atzera egin du bere erabakian, eta orain, paseatzera ere irten ahal izango dira umeak

Barren.eus 2020ko api. 21a, 20:25

Igandetik aurrera 14 urtez azpikoak paseatzera irten ahal izango direla esan berri du Salvador Illa Osasun ministroak. Eguerdian esandakoa zuzendu du era horretan, erabakia gaitzesteko arratsaldean izan den lapiko jotzetik bi ordu eskasera.

 

Izan ere, eguerdian Gobernuak adierazi du umeak soilik saltokietara, farmaziara edota banketxera joateko irten ahal izango zirela bakarrik. Hau da, soilik alarma egoeran baimenduta zeuden irteeretan gurasoei laguntzeko irten ahal izango zirela astelehenetik aurrera.

 Eguerdian eman duen albisteak haserrea eragin du bazterretan, eta albistea jakin bezain laster, lapiko jotzea deitu dute 18:00etarako, eta sinadurak biltzeko kanpaina ere hasi dute Change.org plataforman. 21:00ak aurretxoan, Salvador Illa Osasun ministroak, baina, zuzenketaren berri eman du. Zuzenketaren zergatiaz galdetuta, Illak esan du Gobernuak "entzun" egiten duela: "Elkarri entzunda, aurrera egiten jarraituko dugu, horregatik hartu dut erabaki hau". Paseoak, hori bai, etxe ondoan egin beharko dira. Eta ondoren, segurtasun neurriak hartzea ezinbestekoa dela iradokiz bezala, zehaztu du maskarek, gehienez,  0,96 euro baliko dutela, BEZ barne.