14 urtetik beherakoek erosketak egiteko bakarrik atera ahal izango dute, baina ez paseoan ibiltzeko

Barren.eus 2020ko api. 21a, 15:16

Apirilaren 27tik aurrera indarrean jarriko diren haurrentzako konfinamenduaren baldintza berriak jakinarazi ditu Espainiako Gobernuak.

Alarma egoeran orain arte baimenduta zeuden irteeretan gurasoei laguntzeko aukera izango dute 14 urtetik beherako haurrek, baina ez paseo bat ematera edo kirola egitera irtetekoa. Besteak beste, erosketak egitera, bankura edo farmaziara joateko aukera izango dute umeek, betiere heldu batekin lagunduta. Hau da, orain arte alarma egoeran onartuta zeuden ekintzak egitera lagundu ahal izango diete helduei. Era berean, aukera hori hasieratik egon bai indarrean heldu eta ume banak osatzen duten familietan; izan ere, erosketak egitera haurrarekin joan ezean, etxean bakarrik utzi beharko luketelako umea.
Hortaz, besteak beste, paseo bat emateko aukerarik izan gabe jarraituko dute haurrek. 14 urtetik gorakoek ere erosketak egitera ateratzeko aukera izango dute, euren kabuz.

"Haurrak gurasoekin atera ahal izango dira aurretik gurasoek egiteko aukera zuten zereginetan. Orain, adingabearekin egin ahal izango dituzte. Ez dago denbora-mugarik. Adingabeak helduarekin edo egunerokoan bizi den pertsonarekin joan behar du", adierazi du Espainiako Gobernuko bozeramaile Maria Jesus Monterok. Monterok onartu du adingabeen konfinamendua pixka bat soilik arindu dutela, baina azpimarratu du Espainiako Gobernuaren "lehentasuna birusa berriro zabaltzea saihestea" dela.

∞Lotura duten albisteak: