Indarkeria matxista jasateko arriskuan dauden emakumeei laguntzeko zerbitzua martxan duela gogora ekarri du Udalak

Barren.eus 2020ko api. 21a, 14:20

'Elgoibarren Gertu' zerbitzua jarri zuen martxan Elgoibarko Udalak, indarkeria matxista jasateko arriskuan dauden emakumeei laguntzeko. Alarma egoerak indarrean irauten duen bitartean jarraituko du.

Elgoibarren GERTU”k 688 804 672 telefono zenbakia izango du eta goizeko 7:00etatik gaueko 21:00etara egongo da erabilgarri, bai deiak egiteko, bai deiak jasotzeko, emakumeekin adosten diren ordu eta egunetan. Telefono honetan deiak, bideo-deiak eta Whatsappak jaso ahal izango dira.

'Elgoibarren GERTU' ekimenak honako zerbitzu hauek eskainko ditu, alor horretan adituak diren profesionalen bidez:

  • Indarkeria matxistaren egoerei aurre egin behar dieten emakumeei laguntza emozionala emango diete, bai egoera horiek alarma egoera baino lehen gertatzen zirelako edo bai egoera honen baitan sortu direlako. Bikotekideekiko, seme-alabekiko edo, etxean, konfinamendua partekatu behar duten beste pertsona batzuekiko arazoak.
  • Laguntza eskaintzen den bitartean sor daitezkeen gizarte arazoak gizarte zerbitzuekin batera kudeatzea.
  • Laguntza eskaintzen den bitartean sortzen diren segurtasun arazoak tokiko poliziarekin batera kudeatzea.
  • Beste laguntza motaren bat behar baldin bada, laguntza hori udal mailako edo erkidego mailako beste baliabide batzuekin batera kudeatzea.
  • Beharrezkoa dela uste izanez gero, indarkeriaren biktima diren emakumeak artatzeko Eusko Jaurlaritzak duen zerbitzura edo 112ra bideratzea.
  • Artatzen diren kasu guztien jarraipena egitea, alerta egoerak abian dagoen denbora guztian.

Era berean, Elgoibarko Udalak gogorarazi du, Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak etxeko indarkeriaren edo sexu-erasoen biktima izan diren emakumeentzako informazio eta arreta-zerbitzua eskaintzen duela 900 840 111 telefonoaren bitartez. Informazio gehiago: https://www.euskadi.eus

2020 04 21 gertu zerbitzua udala