Gizonezko bat atxilotu zuten zapatuan Urazandin etxeko indarkeria leporatuta, baina operazioa "gehiegizkoa" izan zela salatu du familiak

Barren.eus 2020ko api. 20a, 13:25

Ertzaintzak gizon gazte bat atxilotu zuen zapatuan Urazandi auzoan, etxeko indarkeria delitua egotzita, baina operazioa "gehiegizkoa" izan zela salatu du familiak 

Udaltzaingoko bi auto eta Ertzaintzako hiru bertaratu ziren zapatuan, 17:00ak inguruan, Urazandi auzora, eta bizilagun bat eskuburdinak jarrita eraman zuten atxilotuta Eibarko Ertzain etxera, etxeko indarkeria delitua leporatuta. Gero, atxilotua epailearen esku laga zuten, Ertzaintzatik jakinarazi dutenez. Gaur, martitzena, atxiltotuta eraman zuten mutilaren amak salatu du ertzaintzaren jokaera "gehiegizkoa" izan zela eta zehaztu dute ez zela indarkeriarik egon. "Berotualdi baten ondorioz, eztaibada gogorra izan genuen, baina ez zen gehiagora joan. Beste askotan ere izaten ditugu halakoak eta beste etxe askotan ere izango dira konfinamendu egoera honetan, baina inork ez zuen inor jo gurean. Gure sorpresarako, baina, bost bat polizia patrulla etorri zitzaizkigun etxera eta mutila eskuburdinekin lotuta eraman zuten. Gehiegizkoa izan zen, eta hala salatu dugu Ertzaintzan ere. Ez gaude konforme, kalte handia egin digutelako. Bestalde, herritarrei eskatu nahiko nieke ez hitz egiteko ez dakitenari buruz. Gezur ugari zabaldu dituzte sare sozialetan. Mutilaren argazkiak ere zabaldu dituzte, Instagrametik hartuta. Informazio faltsua gezurtatzen ari gara, baina mina egina dago. Ertzaintzari deitu izanaz ere damutu naiz. Polizia etxera eraman zuten eta deklarazioa hartu bezain laster libre utzi zuten. Hainbesteko zalaparta sortu behar al dute horretarako?".

 

2020 04 20 atxiloketa urazandi elgoibar 1