Mendaro herria sortzeko lanean jardun zirenen testigantzekin osatu zuten bideoa, argitara

Barren.eus 2020ko api. 18a, 10:46

Mendaro herria sortzeko batzordean jardun zirenetako batzuei hartutako testigantzekin bideoa osatu zuten Alaitz Vivesek eta Leire Eizagirrek herriaren 20. urteurrenerako,  M.T.I. Mendaroko Talde Independientearen enkarguz, eta bideo hori digitalizatuta eman du orain Joseba Olazabalek Facebooken.

 

2003ko abenduaren 30ean bete zituen Mendaro herriak 20 urte eta egun horretarako osatu zuten bideoa, esan bezala, orduan agintean zen M.T.I Mendaroko Talde Independientearen ekimenez [Esti Gonzalez zen alkatea]. Egun horretan omendu zituzten segregazio batzordeko kideak, udaletxeko pleno aretoan egindako ekitaldian. Esti Gonzalez orduko alkateak eta taldekide zuen Aingeru Gallastegik gogorarazi dute batzordekoez gain, herriko elkarteetako ordezkariak ere gonbidatu zituztela ekitaldira eta han eman zutela lehenengoz bideo hori. Era berean, gonbidatuei bideoaren kopia bana eman zieten, VHS formatoan, eta handik Aizpe gastronomia elkartera joan zirela guztiak afaltzera. Egun horretan bertan emitu zuen Mendaro Telebistak bideoa, iluntzeko pasean, eta bigarrengoz, telebistaz ikusi ahal izan zuten omendu eta lagunek, Aizpen bertan. Hogei bat egunera errepikatu zuen emisioa Mendaro Telebistak, baina geroztik itzalean egon da dokumentu grafiko hau, harik eta Joseba Olazabalek digitalizatu eta sarean eskegi duen arte. Bideoaz gain, Mendaroko erretratu zaharrak ere eman ditu Olazabalek Facebookeko bere kontuan: Mendaro herria. Ordu gutxitan 800 ikustaldi baino gehiago izan ditu bideoak eta ikustaldi-kopuruarekin harrituta dagoela aitortu du Olazabalek.