Konfinamendu arindua: zer egin daiteke?

Barren.eus 2020ko api. 17a, 09:32

Espainiako Gobernuak alarma egoera martxoaren 14an dekretatu zuen, baina konfinamenduaren arauak aldakorrak izan dira ordutik. Hasieran arinagoa bazen ere, itxialdi osoa dekretatu zuen martxoaren 29tik apirilaren 12ra arteko eperako, eta aste honetan berriz ere arintzen hasi da, zenbait esparrutan. Berria egunkariak argitaratu du une honetan zer egin daitekeen. 

1. Zer merkataritza lokal zabal daitezke? Janari dendak, gozoki dendak eta gozotegiak barne, edari dendak, farmaziak, osasun zerbitzuak baina ezarritako murriztapenekin (larrialdia edo atzera ezinezko tratamenduak), optikak, ortopediak, higiene produktuen dendak, prentsa eta paper dendak, gasolindegiak, estankoak, teknologiako eta telekomunikazioetako produktuen dendak, etxeko animalientzat janaria saltzen dutenak, Internet, telefono edo posta bidezko merkataritza dendak, tindategiak, arropa garbitegiak eta albaitaritza klinikak, ibilgailuak alokatzeko enpresak, banku erakundeak, notarioak, aholkularitzak eta aseguru erakundeak, abokatu bulegoak, gestoriak eta finken administrazioko bulegoak.

2. Jatetxeek eta janari prestatua saltzen dutenek lan egin dezakete? Jatetxeek bakarrik daukate baimena janaria etxeetara eramateko, baina bezeroak ezin dira jatetxera joan janaria jasotzera. Janari prestatua saltzen duten establezimenduek etxeetara eraman ahal dute janaria, eta bezeroak establezimendura joan daitezke janaria jasotzera, baina ezin dute kontsumitu janaria han barruan.

3. Okindegiek sal al dezakete edaririk, kafea barne? Eramateko bakarrik sal ditzakete produktuak, inola ere ez establezimenduan kontsumitzeko.

4. Ireki al daiteke zerbitzugune edo gasolindegi bateko jatetxea edo kafetegia? Ez, baina dendan jakiak sal daitezke. Gidari profesionalentzako catering zerbitzua baimenduta dago.

5. Ile apaindegiak? Lokala ezin da ireki, baina etxez etxeko zerbitzu profesionala onartuta dago.

6. Lokutorioak? Transakzio ekonomikoak egiteko bakarrik egongo dira zabalik.

7. Nekazaritza azokak eta nekazaritza merkatuak? Nekazaritzako eta abeltzaintzako produktu eta elikagaiak zuzenean saltzeko azoka eta merkatu tradizionalak (normalean astean behin egiten direnak) egin ahal dira, baina ezinbestekoa izango da hainbat osasun neurri errespetatzea. Baina etenda geratuko dira egiten diren nekazaritzako eta abeltzaintzako produktuak zuzenean saltzeko azoka eta merkatu tradizional batzuk aldi baterako: hain zuzen, jai girokoak eta gizarte edo aisialdi izaera dutenak.

8. Denda ibiltarien bidez kalez kale saltzen ibiltzea. Premia-premiazko produktuak kalez kale saldu ahal dira, baldin eta udalak emandako ziurtagiria badaukate. Osasun Agintaritzak ezarritako higiene neurriak eta osasun neurriak errespetatu beharko dira. Ordutegia mugatuta egongo da: 08:00etatik 15:00ak arte.

9. Automozioko tailer mekanikoak? Zabaldu daitezke, baina premiazko konponketak egiteko bakarrik.

10. Jendearentzat irekita egoteko baimenik ez daukaten establezimenduek barruan mantentze lanak eta hobetze lanak egin ditzakete? Bai.

11. Nutrizio produktuak saltzen dituen denda bat zabaldu daiteke jendearentzat? Bai, baina premia-premiazko produktuen salmentarako bakarrik. Adibidez, zeliakoentzako janariak.

12. Beilak, gurtza tokiak, eta hileta zeremonia zibilak eta erlijiosoak. Beilak debekatuta daude instalazio guztietan, publikoetan zein pribatuetan, baita etxebizitza partikularretan ere. Ezin da hileta kultu erlijiosorik egin, ezta hileta zibilik ere. Baimenduta dago hildakoa lurperatzea edo agurra egitea erre aurretik, baina gehienez ere hiru senide edo hurbileko pertsona egon ahal izango dira, eta, hala badagokio, hildakoak agurtzeko hileta errituez arduratzen den kasuan kasuko kultu zerbitzaria edo horren antzekoa ere. Edonola ere, bertaratutakoek beren artean beti metro bateko edo bi metroko distantzia gorde beharko dute.

14. Familiako baratzeetan lan egin ahal da? Bai, baldin eta hara joateko eta bertan egoteko behar-beharrezkoa den denbora baino hartzen ez bada. Horretaz gain, Osasun Agintaritzak ezarritako neurriak bete behar dira. Bigarren bizilekuan dauden baratzeak ez dira baimen honen barruan sartzen. Elikagaiak jaso ahal dira, mantentze lanak egin, eta lurra erein eta landatu aurretiko prestalanak egin ahal dira, baita landatu, erein, ureztatu eta ongarritu ere. Lurzoruan bertan edo hor dauden instalazioetan (behin betikoak zein aldi baterakoak izan) ezin da inolako ekitaldirik edo ospakizunik egin.

16. Hotelak, apartahotelak, landa etxeak, turismo ostatuak eta kanpinak irekitzea. Ezin dira ireki. Salbuespen gisa, turismo ostatuak, ezinbesteko zerbitzu deklaratutakoak, zenbait kasutan irekitzea baimentzen da.

17. Eraikinetako lanak? Eraikinetan ezin da esku hartzerik egin, baldin eta bertan obrarekin berarekin erlaziorik ez daukaten pertsonak baldin badaude. Salbuespen bakarra da obrak sektorizatuta badaude edo konponketak presazkoak badira. 

JOAN-ETORRIEI BURUZ

1. Langileek ziurtagiri edo agiriren bat eraman behar al dute beren lanera oinez edo autoz joatean? Ez da nahitaezkoa, baina komeni da lanerako joan-etorrietan eramatea. Eusko Jaurlaritzak erantzukizunpeko adierazpen eredu bat eman du, eta BOEn ere beste bat argitaratu da. Horien antzeko beste batzuk ere baliozkotzat jotzen dira. Ziurtagiria eraman ezean, emandako informazioa baloratuko da, eta, zalantzarik sortuz gero, egiaztatu beharrekoa egiaztatuko da.

2. Osasun arazoak dituztenak atera daitezke etxetik? Bai, baldin eta jarduera jakin bat egin beharra ezartzen duen ziurtagiri medikoa baldin badaukate erakusteko.

3. Saltoki handietara edo antzekoetara erosketak egitera joatea baimenduta dago? Ahalik eta joan-etorri gutxiena egin behar dira elikagaiak eta baimendutako produktuak erostera joateko, eta hurbileneko tokietara joan behar da. Saltoki handietara edo antzekoetara joan ahal da, bakoitza bizi den udalerritik hurbil dagoenera. Horrez gain, baimenduta dago ohiko bizilekutik lantokira edo lantokitik ohiko bizilekura doan ibilbidean dauden dendetara eta saltoki handietara erosketak egitera joatea.

4. Mendekotasuna daukan pertsona bat naiz. Zaintzen nauen pertsona etorri ahal izango da? Bai, baimendutako ezinbesteko zerbitzuetako bat da.

5. Adingabeen zaintza aldatzeko mugi al naiteke? Bai, adingabe bat artatzea dela kontsideratzen da.

6. Utz al ditzaket seme-alabak normalean zaintzen dituen pertsonaren kargura lanera joan behar badut? Bai, adingabeak edo mendekoak zaintzea dela kontsideratzen da.

7. Haurrak parkera eraman ditzaket? Ez.

8. Bizi garen eraikineko eremu komunetan egon al naiteke (patioan, lorategian, eskaileretan)? Ez, erabilera komunitarioko eremu pribatuak baitira.

9. Maskota kalera atera dezaket? Bai, banaka, ezinbestekoa den denboran eta etxebizitzatik hurbil.

10. Joan al daiteke parkera, hondartzara edo mendira? Ez, ez daude jasota eremu publikoan baimenduta dauden mugimenduetan.

11. Zer muga dago ibilgailu partikularretan ibil daitekeen pertsona kopuruari dagokionez? Ibilgailu batean pertsona bat baino gehiago ibili ahal izango dira euren artean ahalik eta distantziarik handiena mantentzen bada. Esate baterako, auto batean gehienez bi pertsona joango dira, gidaria eta bidaiari bat, eta bidaiaria atzeko jarlekuan eseriko da, gidariarekiko diagonalean.

12. Zirkula al daiteke motozikletan edo bizikletan? Bai, mugitzeko aurreikusitako arrazoiengatik bakarrik, eta banaka.

13. Eta taxietan? Banaka, elbarritasunen duen bati, adingabe bati, adineko bati edo autonomiarik ez duen bati laguntzeko kasuetan izan ezik.

14. Joan al naiteke familiarteko baten bila aireportura, geltokira...? Ez. Bakarrik baimenduta dago adinekoei, adingabekoei, menpekotasuna dutenei, elbarritasunen bat dutenei, edo bereziki zaurgarriak direnei laguntzeko denean.

15. Irten al daiteke kontratu bat, agiri bat edo antzeko zerbait sinatzera? Arrazoi justifikatu batengatik bada bakarrik, eta atzeraezina bada.

16. Pakete banatzaileek zirkulatu al dezakete euren lana egiteko? Bai, indarrean dagoen araudiak ezartzen dituen murriztapenen arabera.

17. Joan al daiteke odola ematera? Bai, osasun agintaritzak deituta eta neurriak hartuta.

18. Joan al daiteke bigarren bizilekura? Ez.

19. Bidaiarien garraio publikoa? Horrelako garraioetan, Osasun Zerbitzuak ezarritako neurriak errespetatuko dira, eta bidaiarien artean gutxienez metro eta erdiko distantzia gordeko da derrigorrean, edo, ahal bada, bi metroko distantzia. Distantzia hori sarbideetan eta itxarote geletan edo nasetan ere gordetzea komeni da.

20. Etxe aldaketako garraioak. Bai, baldin eta langile profesionalek egiten badituzte.

21. IAT iraungita daukan ibilgailu batekin zirkulatu ahal da? Errege Dekretuaren Hirugarren Xedapen Gehigarria kontuan hartuta, etenda geratu dira sektore publikoko erakundeen prozedurak tramitatzeko epeak, eta berriz hasiko dira, haren indarraldia amaitzen denean. Egoera horietan zirkula daiteke. Hala ere, ez da inola ere onartuko gauden urtea baino lehenagoko muga eguna badu.

22. Baserrietan edo landa eremuetan dauden animaliei jaten emateko joan-etorriak egin daitezke? Bai.

23. Ordezkaritza sindikaleko eta patronaleko jarduerak egiten dituztenek zirkula dezakete eta joan-etorriak egin? Bai, baldin eta joan-etorri horien helburua langileei eta enplegatzaileei asistentzia bermatzea bada.