Julian Rodriguez: “Jendea triste dago etxeetan eta etxeetara joaten garenean hori ere ematen dugu: babesa”

Barren.eus 2020ko api. 17a, 08:15

Gurutze Gorriaren Elgoibarko bulegoko arduraduna da Julian Rodriguez (Elgoibar, 1968). Egunotan lanez gainezka dabil, Gurutze Gorriaren laguntza premian direnen kopuruak gora egin duelako.

 • Zein ari da izaten zuen egitekoa egoera honetan?

2020 04 16 julian rodriguez gurutze gorria elgoibarFuntsean, betiko lanetan ari gara, baina egia da gure lankarga handitu egin dela konfinamenduan. Kolektibo edo familia kalteberentzat ari gara gu egunero, bai lehen eta bai orain, baina alarma egoera honetan orain arte genituen familien egoerak okerrera egin du, eta lehenaz gain, familia gehiagori lagundu behar diegu orain. Jatekoa eta botikak
eramaten dizkiegu etxera beharrik handieneko familiei, baina konfinamenduan beste lan batzuk ere ari gara egiten: etxetik irten ezin dutenei zaborra atera edo txakurrak pasiatzera atera... Berez, pobrezia energetikoaren proiektua ere kudeatzen dugu, Gurutze Gorriak arreta eskaintzen dien familien ia erdiek oinarrizko gastuen artetik zein ordaindu aukeratu beharra izaten dutelako: hau da, elikadura egokia mantentzea edo etxea berotzea, adibidez. Jaurlaritzak finantzatzen du proiektua, eta Gurutze Gorriak kudeatzen du diru-partida hori hiru lurraldeetan, baina gai horretan moratoria ezarri zuten, eta egia esan, sekulako arindua hartu genuen, ez dakigulako bestela zer izango litzatekeen etxe askotan. Nolanahi ere, ekonomia geldirik dago eta kaltetuenak, bistan da, lehendik ere egoera ekonomiko okerrenean zeudenak dira. Diru-sarrerarik gabe gelditu dira, etxean daude, eta lehen jangeletan-eta jaten zuten seme-alabei ere orain etxean eman behar diete jaten. Egia esan alor horretan gainezka eginda gaude. Elikagaien Bankua geldi dago, eta beste bide batzuk bilatu behar izan ditugu janaria biltzeko. Orain, Elgoibarko Mercadonarekin ari gara gu lanean. Orain arte, iraugintzear zituen produktu freskoak Elikagaien Bankuari ematen zizkion Mercadonak Gipuzkoan banatzeko, baina hori geldi dagoenez, orain geuk jasotzen ditugu, Gurutze Gorriak. Gure eguneroko borroka hori da orain. Aliantzak lortu, eta formato horretan edo dohaintza formatoan iristen dena kudeatzea. Egoera normalean, elikagaiak bi bidetatik iristen zaizkigu guri: Elikagaien Bankutik eta Europako Batasunetik. Europatik datorrena esnea, pasta edo enbasatutako produktuak izaten dira gehienbat, oinarri oinarrizkoak. Alarma egoeragatik, Elikagaien Bankua gelditu zenean, baina, elikagai freskorik gabe gelditu ginen eta horregatik jardun gara aliantzak egin nahian denda handiekin. Kontua da jateko hori iraungitzear egoten dela dendek ematen digutenerako, eta beraz urgentzia handiarekin egin behar izaten dugula lan. Gurutze Gorriak Elgoibarrerako
izendatzen duena Elgoibarren eta Soraluzen banatzen dugu gero guk, hori delako gure lan-eremua.

 • Zein perfiletako jendea da zuen laguntza behar duena?
Ez da zaila asmatzen. Gehienak migranteak dira, logikoki,baina hemen bertan jaiotako jende dezente ere badaukagu, gero eta gehiago. DSBE diru-sarrerak bermatzeko errenta (RGI) edo beste laguntzaren bat jasotzen dutenak dira, baina horrekin nekez bizi daitezkeenak. ‘Baina diru-sarrerak bermatzeko errenta jasotzen baldin badute, zer beste laguntza behar dute?’, pentsatuko dute askok ziurrenik, baina kontuz! DBSE laguntza badakigu zein urria den etxean bi-hiru seme-alaba dauzkanarentzat eta hilean 500 euroko
alokairua ordaindu behar duenarentzat. Elgoibarko Udaleko Ongizate Sailarekin elkarlan zuzenean ari gara gu, orain eta beti, eta gauza horiek ondo zainduta daude. Ez dezala inork pentsa hemen edozelan ari garenik.

 • Koronabirusak ezarritako alarma egoera honetan, boluntario-sareak ere sortu dira bazterretan. Elgoibarko Gurutze Gorrian zenbat zaudete orain momentuan? Nola antolatzen
zarete?
Hau dena hasi zenean boluntario-sareak sortu ziren herri askotan, eta elkartasun hori antolatzearen alde egin zuen Jaurlaritzak, ikusita ondo beharrez egindako lana ere arriskutsua izan zitekeela egoera honetan. Hala, martxoaren 17an jarri zuen martxan Guztion Artean sarea Eusko Jaurlaritzak, koronabirusak eragindako egoeraren aurrean bakarrik eta babesik gabe zeudenei laguntza eskaintzeko. Etxetik irten ezin duten pertsonei behar-beharrezkoak dituzten gauzetan laguntzeko sortu zuten sare hori, zehazki 70 urtez gorako pertsonei, mendekoei edo ahultasuneko beste egoera batzuetan daudenei laguntzeko, eta hor Udaleko Gizarte Zerbitzuek, Caritasek, boluntariotza-agentziek eta guk dihardugu lanean, besteak beste, era koordinatu batean eta Osasun Sailaren eta Lehendakaritzaren jarraibideei kasu eginda. Guk beti esan izan dugu oso beharrezkoa dela era koordinatuan lan egitea, baina egoera honetan are garrantzitsuagoa irizten diogu horri, guztion osasuna zaintzeko mugimenduak ere mugatu behar direlako.
Boluntario aurkeztu direnak asko dira, [Elgoibarren 40tik gora]. Guk geuk egunero jasotzen ditugu bi-hiru lagun berriren deiak. Aurkezten diren guztiei elkarrizketa egiten diegu eta bi-hiru orduko ikastaro bat ematen diegu gero, egoera honetan jarraitu beharreko protokoloa zein den zehazteko, etxez etxe jana edo botikak eramaten ibili behar denak jakin behar duelako nola egin behar duen, bere burua zaintzeko eta beste inor arriskuan ez jartzeko. Elgoibarren, 18 boluntario berri dauzkagu Gurutze Gorrian lanerako prest [ohiko 14 boluntarioez gain], baina momentuan eskaria ez da denei lana ematekoa bestekoa. Baina baldintzak betetzen dituzten guztiak sartzen ditugu gure sarean eta gero, beharraren arabera, bati edo besteari deitzen diogu. Whatsapp talde bat sortu dugu denekin eta saiatzen gara beharra dagoen etxetik gertuen bizi denari abisatzen beti, mugimenduak gutxitzeko. Hori bai, kasu zailenetan, positiboa eman dutenei lagundu behar denean-eta, gu joaten gara, beti-betiko boluntarioak

 • Beharra dutenen kopuruak gora egin du. Eskari zabalduena zein da?
Eskaria askotarikoa da. Jendea konturatu da hau gai serioa dela, eta horregatik, gero eta jende adindun gehiagok deitzen digu adibidez. Ez dira normalean Gurutze Gorriaren laguntza behar izaten duten familia klasekoak, baina askok patologiak dituzte edota adin handia dute eta ez dute inguruan inor laguntzeko. Horregatik deitzen digute, beldurtuta. Hori igarri dugu azkeneko asteetan. Beldurtuta dago jendea, batez ere adinekoak. Hala ere, konfinamenduan antsietate-krisia izan duten umeak ere artatu behar izan ditugu. Adinekoez ari garela esan nahi nuke patologiarik izan ezta ere, beldurra izatea bera badela nahikoa arrazoi laguntza eskatzeko, eta gure beharrik izanez gero, deitzeko lasai. Adinekoei erosketak eramaten dizkiegu etxera, bai eta botikak ere, eta zaborra ere ateratzen diegu. Esan behar da Botikarien Elkartearekin hitzarmen bat sinatu dugula guk gure boluntarioek gaixoen txartelik erakutsi beharrik gabe jaso ditzaten botikak farmazian. Jendea triste dago etxeetan, eta etxera joaten gatzaizkienean hori ere ematen dugu ahal dugun neurrian: babesa, arreta, edo nahiago baduzu: karino pixkat eta lasaitasun mezua. Telefonoz deitzen digutenekin ere aritzen gara lan horretan eta esan behar da herritarrek eskertzen dutela. Horren behar handia dago, egia esan.

2020 04 16 gurutzegorria elgoibar koronabirus laguntza biltegia

 • Zein da boluntarioen perfila?
Edozeinek ezin du izan. Boluntario izateko, beharrezkoa da patologia kronikorik ez izatea eta jarduera hasi aurreko 14 egunetan sintomarik agertu ez izana, ezta bizileku batera joan aurretik ere. Gainera, beharrezkoa da 18-64 urte artean izatea eta datorren hilabetean, astean bi edo hiru egunetan, gutxienez bi ordutan laguntzeko prest egotea. Baldintza horiek betetzen dituztenen artean, denetarik daukagu. Eta pikaro batzuk ere agertu zaizkigu, jakina. Izan da bakarren bat etxetik irten ahal izateko bakarrik boluntario aurkeztu dena eta ikastaroa egin behar duela esan diogunean atzera egin duena. Halakorik ez dugu nahi, bistan da. Dena den, azpimarratu nahiko nuke gauza bat. Gure boluntarioak ondo identifikatuta joaten dira beti etxeetara, eta joan aurretik, guk deitu egiten dugu zein eta zein ordutan joango den azalduz. Mezu hori zabaldu nahi dut: Inork ez sinisteko atera doan lehenengoari eta zalantza izanez gero, deitzeko beti iturri ofizialetara.

 • Datutara eramanda, zein da Gurutze Gorriaren lana?
112 familiak jasotzen dituzte gure bitartez oinarrizko elikagaiak. Guztira 327 lagunek, etahorietatik 42 bat 3 urtez azpikoak dira. Mercadonak ematen dizkigun elikagai freskoak, berriz, 46 familiaren artean banatzen ditugu. Guztira, 152 lagun dira horiek; hamabi 3 urtez azpikoak. Jatekoaz gain, higienerako kitak ere banatzen ditugu.