Koronabirusa Debabarrenean: Ermuak Eibar gainditu du, egun bakar batean atzemandako 80 positiborekin

Barren.eus 2020ko api. 14a, 17:08

Debabarrenean 89 koronabirus kasu berri gehiago atzeman dituzte azken orduetan, horietako 80 Ermuan, Abeletxe zahar etxean egin dituzten analisiek emandako emaitzen ondorioz bereziki. Elgoibarren bi kasu gehiago daude Osasun Sailak emandako datuetan.

Ermuako Abeletxe zahar etxeko egoiliarrei testak egin ostean, 80 positibo atzeman dituzte eta horren ondorioz asko igo da Debabarrenan Covid-19az kutsatuta daudenen kopuru ofiziala, 250etik 339ra egun batean, hain justu ere. Osasun Sailak gaur eman dituen datuen arabera, lau positibo gehiago antzeman dituzte Eibarren, bi gehiago Elgoibarren zein Soraluzen, eta Mallabian orain arteko lehen kasua erregistratu dute. Elgoibarren kutsatutako lagunen kopurua (metatua) 32koa da, eta hiru lagun dira Mendaron kutsatutakoak.

Gipuzkoan, Osakidetzaren eskutik, lurraldeko adineko pertsonen egoitzetan “mapatze zehatz” bat egiten ari direla adierazi du Eider Mendozak, foru erakundeko bozeramaileak, helburua duena “birusak eragindako pertsona kopuru zehatza ezagutzea, egoiliarrena zein langileena, sintomatikoak edo asintomatikoak izanda ere, kutsatze arrisku maila identifikatzeko eta momentu bakoitzean hartu beharreko neurriak zehazteko”. Horretarako, Osakidetza test azkarrak eta PCRak bateratzen ari da lurraldeko egoitza zentro guztietan Gipuzkoako sei OSI-en bidez. Dagoeneko egin dizkiete testak zenbait zahar etxeetako egoiliarrei, Eibarko Egogainen, esaterako gaur egin dizkiete testak. Datozen egunetan testak egingo zaizkie Gipuzkoako egoitza sareko langile eta erabiltzaile guztiei.
 • Debabarrenako positiboen datuak herriz herriz (datu metatuak dira):

  • Ermua 144
  • Eibar 136
  • Elgoibar 32
  • Mutriku 10
  • Soraluze 8
  • Deba 5
  • Mendaro 3
  • Mallabia 1
  • DEBABARRENA: 339

Eibarko ospitalean 59 gaixo daude ingresatuta koronabirusak jota; atzo baino bi gehiago, eta Mendaro Ospitalean, 16 lagun, aurreko egunean baino bi gehiago.