Osasun murrizketak eta pribatizazioa salatzeko protestara deitu dute

Barren.eus 2020ko api. 7a, 12:54

Osasunaren Mundu Eguna da gaur, apirilak 7, baina ospatzeko baino potesta egiteko arrazoi gehiago daudela uste du Gaurgeroa-Duintasuna elkarteek, eta lapiko protesta deitu dute osasunaren pribatizazioa eta murrizketak salatzeko. Era berean, kalitateko Osasun Publikoa eta Unibertsala defendatzeko aprobetxatu nahi dute. 

Herritarrei dei egin diete 20:30ean egingo den lapiko jotze protestara batzeko. "Osasun Publikoa, Osasuna ez dela saltzen, defendatzen da” lelopean egingo dute balkoietatik eta leihoetatik egingo duten protestak. 

Gipuzkoako jubilatuak eta pentsiodunak batzen dituen Gaurgeroa-Duintasuna elkarteak doluminak eman dizkie Covid19aren ondoriz hil diren guztien senitartekoei, "eta gure sentimendurik sakonena ospitalean hildako adineko pertsona nagusiekiko, senide eta lagunen laguntzarik gabe, agur esan gabe eta gizaki orok behar duen bezala heriotzara igarotzeko aukerarik gabe".

 Elkarteak adierazi du Gipuzkoako egoitzetako langileen borroka presente egon dela 2019ko irailetik COVID-19a agertu zen arte, lantaldea handitzea, baliabide handiagoak eta lan-baldintza hobeak eskatuz. "Bestalde, nabarmendu nahi dugu egoitzetako langileek eta Gipuzkoako Senideak ahaideen elkarteak bat eginda borrokatu dutela adineko pertsonak zaintzeko eta babesteko, eta guk haien aldarrikapenak babestu ditugula justuak eta bidezkoak direlako".

Covid19 birusaren pandemiak "egoitzetako defizitak" atera dituela argitara iritzi dio Gaurgeroa-Duintasunak: "Une honetan erantzuna emateko zailtasuna gehitu du aurreko gabeziak direla eta, hala nola, osasun arloko giza baliabide falta, zaintzako langile falta, behar bereziei arreta ematea eta abar. Adinekook koronabirusarekin bizi dugun dramak beldurrez erakusten digu, alde batera utzitako gizartearen zati garela zenbait gobernarirentzat".

Krisi honek azaleratutakoak Gipuzkoako Foru Aldundia gogoeta egitera behartu behar lukeela uste du: "'Garrantzitsuena pertsona da' hitzetik ekintzetara pasatu, adineko pertsonak zaintzera , eta aurrekontu handiagoa eskaini adineko pertsonentzako egoitza publikoetan, pertsonen lehentasunak lehenetsiz". COVID-19ak irakaspenak ateratzeko balio behar lukeela dio Gaurgeroa-Duintasunak, eta "kostu ekonomiko handiko azpiegiturei lehentasuna ez ematea pertsonen eskubideen gainetik".

Osasunaren Mundu Erakundea (OME) orain dela 70 urte sortu zuen Nazio Batuen Erakundeak, eta jende guztiak osasunerako daukan eskubidea ahalik eta maila handienean lortzea dauka helburu nagusi. Apirilaren 7an ospatzen da urtero Osasunaren Mundu Eguna. (informazio osoagoa: zainduzaitez.com)

2020 03 21 Koronabirusa ospitalean txaloak