Zaldibar argituk burrunbada deitu du gaurko, Eitzagako zabortegiko ezbeharra gertatu zenetik bi hilabete bete direnean

Barren.eus 2020ko api. 6a, 09:06

Zaldibar Argitu plataformak ekimen bateratu bat egiteko deia egin du  gaurko Euskal Herriko herri guztietan.

 

20:30ean herritar guztiak Euskal Herriko leihoetara eta balkoietara irten eta 5 minutuko burrunbada egitera eta, jarraian, kandela bi (edo bestelako argiak) piztera deitu dituzte. Izan ere, gaur, apirilak 6, bi hilabete bete dira Eitzagako hondakindegia jausi zenetik. 

“Bi hilabete igaro dira Alberto Sololuze eta Joaquin Beltran zabor azpian desagertuta daudenetik. Bi hilabete, gure osasuna arriskuan jarri zutenetik. Bi hilabete, erantzule zuzenak egon arren, erantzukizunak inork bere gain hartu ez dituenetik. Dagoeneko ez dakigu nola esan. Nahikoa dela. Aski dela. Honekin bukatu behar dutela. Langileak aurkitu behar dituztela, horretarako bitarteko guztiak jarriz. Zabortegian zer dagoen aztertu eta jakinarazi behar digutela. Zabortegian gertatu zenaren inguruko argipenak eta azalpenak zor dizkigutela. Egun zabortegian lanean dauden langileen segurtasuna bermatu behar dutela. Erantzukizunak argitu behar dituztela eta Iñaki Arriolak dimititu behar duela. Hondakinen kudeaketa eredua aldatu behar dutela. Bi hilabetean, plataformaren aldarrikapen bakar bat ez dute bete. Berriz diogu, nahikoa da, aski da, honekin bukatu behar dute!”, adierazi du Zaldibar Argitu plataformnak.

Era berean, konfinamenduak irauten duen bitartean, aldarrikapenak eta argazkiak sare sozialen bitartez partekatzera animatu dituzte herritarrak. Horretarako #zaldibarargitu eta #joaquinetaalbertogogoan traolak erabiltzeko eskatu dute eta, nahiago izanez gero, emailez bidaltzeko, zaldibarargitu@gmail.com helbidera.

•Auto baten aztarnak topatu dituzte

Euskal Telebistak domeka iluntzean eman zuen informazioaren arabera, Zaldibarko hondakindegian lanean ari den operatiboak automobil baten aztarnak aurkitu ditu. Ibilgailua Alberto Sololuze, desagertutako langileetako batena izan daitekeela uste dute, baina momentuz ez dute gorpurik aurkitu. 

2020 04 06 Zaldibar argitu burrunba deia tokikom 700x700