Gizartea

barren.eus-logoa

Tokikom

 

 
 

2020 04 02 perurena erizaina mendaroAinhoa Perurena (Arroa-Behea, Zestoa, 1977) erizaina da Mendaro Ospitalean eta bizi ere Mendaron bizi da. Egunotan, baina, ospitalean du bigarren etxea, eta han du bigarren familia. Ospitaleko egunerokoaren berri eman digu, gaueko txanda bukatu berri.

Nola bizi duzue egunerokoa, Ainhoa?

Urduritasun handiarekin ari gara lanean. Egoera hau berria da guretzat ere, protokoloak egunero-egunero moldatzen dituzte, kutsatutakoen kopuruak gora egiten jarraitzen du, eta momentuz Mendaroko ospitalean babes-ekipoak-eta badauzkagun arren, iristen zaigu beste leku batzuetan dituzten gabezien berri eta horrek guztiak kezkatuta gaitu. Nire lankide bat, erizain laguntzailea bera, asteburuetan erresidentziara joaten da lanera, eta han zabor-poltsak erabiltzen dituzte mantaltzat. Egoera benetan da tristea. Zuzendaritzakoak ere ari dira ahaleginak egiten ospitalea berrantolatzeko eta egoera honi ahal den ondoen erantzuteko, baina gaina hartuta gabiltza denok. Eta hau dena esanda, nahiko nuke azpimarra jarri egunotan gutxiegi berba egin den kolektibo batek egiten duen lanean. Iruditzen zait ospitaleetako, osasun etxeetako eta gainerako zentroetako garbitzaileek merezi dutela aitortza bat. Gu bezala ari dira lanean birusaz kutsatzeko arrisku handiko lekuan, gurea bezain ezinbestekoa da haiek egiten dute lana eta txalo zaparrada handi bat eskatuko nuke haientzat ere. Esker on mezuak egunero iristen zaizkigu guri, eta hunkitzen gara iluntzeroko txaloekin, gure sentimenduak ere bor-bor daudelako. Ekimen horiek indar han- dia ematen digute lanerako.

 • Zer itxura du ospitaleak?
Dena aldatu da. Solairu oso bat, bigarren solairuko atal handi bat eta hirugarren solairuko zati bat daude koronabirusak kutsatutakoentzat edota gaitzaren sintomak dituztenentzat. Hirugarren so- lairu horretan daude, baita ere, urgentziazko ebakuntzak behar dituztenak eta barne-medikuntzako gainerako guztiak.

 • Gaurko datuen arabera [martxoak 28], 25 lagun daude Mendaron koronabirusagatik ospitaleratuta.
Bai, bart gaueko datuak horiek dira. 25 positibo eta bat emaitzaren zain, baina hau argitaratzen duzuenerako gehiago izango dira ia seguru. Oraindik ez du goirik jo honek, eta beraz, kasuak ugaritzen joango dira. Etor daitekeen horrek, beste ospitale batzuetan bizi duten egoerak, kezkatzen gaitu.


 • Mendaro ospitalean ingresatutako lehenengo gaixoak senda-agiria jaso zuen barikuan. Nola bizi izan zenuten?

Berezia izan zen momentu hori. Beharra dutelako etortzen dira ospitalera gaixoak, baina momentuan, kasu larri-larririk ez dugu artatu beharrik izan eta espero dezagun luze eustea egoera honi. Mendaron, gaur gaurkoz, ez dago inor Zainketa Intentsiboen Unitatean. Tentsio eta urduritasun handia bizi dugu denok hala ere, eta gaixoak sendatzen ikusteak izugarrizko poza ematen digu. Gaixoak isolatuta daude eta psikologikoki hondoa jota ere bai asko eta asko. Goitik-behera mozorrotuta sartzen gara gu haien geletara eta normala da beldurra izatea. Ezer ez da erraza hemen. Profesionalok ere beldur handiarekin bizi dugu, hemendik irten eta etxera goazelako eta kezkatzen gaituelako etxekoen osasunak ere. Etxera iristeaz bat, atarian bertan kentzen ditut oinetakoak eta eransten ditut arropa guztiak. Arropak zuzenean garbigailura sartzen ditut eta ni, dutxara. Hori da gure egunerokoa. Gero, saiatzen naiz deskonektatzen, zaila dagoen arren, beste gairik ez dagolelako inon. Horrek ere antsietate handia sortzen digu denoi eta neurriak hartu behar ditugu.


 • Mendaroko ospitalean ere erizainak falta direla irakurri dugu sare sozialetan. Hala al da?

Orain momentuan, eta biharkorik ezin dizut esan, pertsonal aldetik ondo gaude Mendaron. Aurrez aurreko kontsulta guztiak etenda daude, eta lan horretan aritzen ziren profesionalak eta errehabilitazioko unitatean eta kirofanoetan ari zirenak ere batu dira gure taldea indartzera. Kirofanoak ere justukuak gelditzen dira orain, bi baino ez, oso oker ez banago, bat birusaz kutsatu- takoentzat eta bestea gainerako guztientzat.

Elkarrizketa hau eta gehiago BARREN aldizkariaren 1154. zenbakian -PDF- irakur ditzakezue

 

 

Elgoibarko Izarra

elgoibarkoizarra-logoa-irudia

Gida komertziala

Gida komertziala 2018

Bideoak

Barren astekaria

ePosta harpidetza