Koronabirusaz kutsatuta dauden elgoibartarren testigantzak

Barren.eus 2020ko api. 3a, 10:01

Datu ofizialen arabera, 29 herritar daude koronabirusaz kutsatuta Elgoibarren eta Mendaron (apirilaren 1eko datuak), baina askoz gehiago dira koronabirusaren sintomekin etxean isolatuta daudenak, gaixotasuna baieztatzeko probarik egin ez dieten arren. Hiru kasu jaso ditu aste honetako BARREN aldizkariak, eta bakoitzak bere esperientzia kontatu du.

BARREN aldizkariaren 1154. zenbakian -PDF- irakur ditzakezue Arantza Apraiz, Zigor Esnaola eta Mari Jose Martinen lekukotsak

Arantza Apraiz senarrarekin batera Benidormea joan zen martxoaren 7an, eta laupabost egunetara sekulako gorputzeko mina sentitzen hasi zen. Senarrari esan zion koltxoiarena edo izango zela, baina "hezurretako min itzela" igartzen zuen, eta gerora, jateko gogo gutxiago igartzen hasi zen. "Ni seguru nago han kutsatu nintzela. Egunetik egunera okerrago jartzen hasi nintzen. Hilaren 14an konfinamenduaren agindua ere etorri zen, eta etxera itzuli nahi genuen, baina jende guztia gu moduan zegoen eta ez zen erraza izan itzulerako txartelak lortzea. Azkenean, domeka [martxoaren 15] gauean hartu genuen autobusa, eta astelehen goizean iritsi ginen etxera. Oso bidai txarra egin genuen. Ni ez nengoen ondo, eta autobusean ni bezala egongo ziren asko. Eztul pila bat entzuten ziren, jendea zapiarekin aurpegia estalita... nazka izugarria ematen zidan. Hori izan da eduki dudan beste sintoma bat; usainek nazka ematen zidaten". Etxera, Elgobarrera, ailegatu zenean 37,5eko tenperatura zuen, eta ohera sartu zen zuzenean. "Dardarka iritsi nintzen, gorputzeko eta buruko minez eta ezer jan ezinda. Ez neukan ezertarako adorerik. Martitzen goizean deitu nuen anbulatoriora. Nire buruan baneukan koronabirusa izango zen susmoa. Benidormen jende multzo handien artean ibili ginen, eta pentsatu nuen han kutsatu izango nintzela. Erizainak deitu zidan eta nire historiala ikusita esan zidan ez neukala aparteko arriskurik, beraz, etxean geratzeko. Medikuak ere deitu zidan, eta esan zidaten tenperatura kontrolatzeko, 38ra iristen bazen sukarra, deitzeko berriz, baina zorionez, ez dut beharrik izan. Maskara baten, eta isolamendua nola egin behar nuen azaltzeko orri baten bila senideren bat bidaltzeko esan zidaten". Apraizek uste du ematen dituzten datuak ez direla errealak, "ez dituztelako probak egiten, eta benetan askoz gehiago dira kutsatuta daudenak". Arantza Apraizi eginiko elkarrizketa osorik hemen

Zigor Esnaolak egun batzuk daramatza sukarrik gabe, eta askoz hobeto sentitzen da orain. "Oraindik nekatuta, baina lasai eta ani- moso nago. Ez dut aparteko konplikaziorik eduki eta gaixotasunak ondo eboluzionatu du. Sukarrarekin hasi zen martxoaren 13an, eta badaezpada etxean geratzea erabaki zuen. Ordurako IMHn eskolak etenda zeuden, ikasleak etxean, eta bera ere telelanerako prestatuta zegoen. "Osasun Sailak jarritako telefonora deika aritu nintzen, baina ez zidaten telefonorik hartzen, eta azkenean Eibarko Ospitalera deitu nuen. Erizain bati kontatu nion nire egoera, eta momentuz lasai hartzeko esan zidan. Gero egun batzutan ez nuen ezer eduki eta pentsatu nuen pasatu zela eta ez zela ezer izango, baina handik egun gutxira berriz hasi zitzaidan tenperatura igotzen. Orduan anbulatorioko medikuarekin jarri nintzen harremanetan eta handik egun batzuetara Mendarora joateko esan zidaten. Han ikusi zuten pneumonia txiki bat neukala, eta koronabirusaren proba ere egin zidaten. Pneumoniarentzako tratamenduarekin itzuli nintzen etxera, eta gero deitu zidaten esateko probak positibo eman zuela. Momentu horretatik etxe honetan ezin da inor sartu eta gu ere ezin gara irten". Covid19a zuela konfirmatu ziotenean, beste pilula batzuk hartzeko esan zioten. "Ez dago tratamendu zehatzik eta pilula desberdinekin probatzen ari dira. Seguru jende asko dagoela etxean sintomekin, frogarik egin gabe eta tratamendurik gabe, buruari bueltak ematen eta egoera hori ez da erraza. Esnaolak dio ez dakiela non kutsatu den. "Ez diot horri bueltarik eman nahi, gainera. Galdetu zidaten ia egon nintzen kutsatuta zegoen norbaitekin, baina nik dakidala ez naiz inorekin egon. Pandemia oso zabalduta dago, eta harrapatu egin dut. Orain aurrera egin behar dut, ez dago besterik". Zigor Esnaolari eginiko elkarrizketa osorik hemen.

Mari Jose Martinen familian lagun bat baino gehiago dago kutsatuta. "Gure etxean hobeto gaude, eta nire ahizpa ere bai, baina koinatua eta ama ospitalean daude ingresatuta [martxoaren 28an eginiko elkarrizketa da]. Nire ahizpak ia 2 urteko ume bat dauka eta hura ere sukarra- rekin dago, nire alaba bat ere egon da, eta senarra ere bai. Okerren ama eta koinatua daude, pneumonia harrapatu dutelako. Koinatuak egun bat pa- satu du ZIUn eta orain plantan dago. Egoera gogorra da, bakoi- tza bere gelan dago, ezin ditugu bisitatu, eta informazio guztia telefonoz ematen digute. Esan digutenez tratamenduren batekin probatzen ari dira, baina momentuz ez dute hobera egin. Bi egun daramatzate ingresatuta, eta nahiko kezkatuta gaude be- raiengatik. Eta egia esanda, telebistan entzuten dugun guztiak ez du batere laguntzen. Hildako kopurua goraka doa etengabe, eta hasieran ematen zuen adinekoak bakarrik zirela, baina ikusi dugu gazteak ere hiltzen direla. Nire amak eta koinatuak ez daukate bestelako patologiarik, ez dute erretzen, eta berez, osasuntsu daude, baina gaizki daude". Mari Jose Martini eginiko elkarrizketa osoa hemen

2020 04 02 koronabirusa elgoibar ortzadarra balkoian