Fiskaltzak "hilketa eta lesioak" egotzi dizkio Elgoibarren pertsona bat labankadaz hiltzeagatik akusatua dagoen gizonezkoari

Barren.eus 2020ko api. 1a, 12:31

2019ko maiatzean Elgoibarren gizonezko bat "labankadaz  hiltzeagatik eta haren laguna zauritzeagatik" akusatuari "hilketa delitua eta lesio larriagotuak" egotzi dizkio Fiskaltzak. Gipuzkoako Auzitegian egingo dute epaiketa, oraindik egunik jarrita ez dagoen arren. 

Fiskaltzak eginiko txostenean lekuaren inguruabarrak aprobetxatzea eta bere nagusitasunaz abusatzea ere egozten dio akusatuari. Martxoko data duen agirian, fiskalak adierazten du auziaren instrukzio judiziala "Epaimahaiaren Legearen arauen arabera" egin beharko dela eta herri epaimahaia izango duela, -oraindik data jakinik gabe-, Gipuzkoako Auzitegian egitekoa den epaiketak. Fiskaltzak egindako kalifikazioarekin bat dator akusazi partikularra. Iñigo Galicia abokatuak darama akusazio partikularra , hildakoaren ahizpak ordezkatuz.Era berean, labankada jaso zuen emakumea ere akusazio partikular gisa aurkeztu da auzi honetan.

•Fiskaltzaren agirian jasotako gertaerak

Fiskaltzaren agiriak dioenez, gertakariak 2019ko maiatzaren 11koak dira; orduan, goizaldeko 3:00ak aldera, inputatuak "nolabaiteko liskarrak" izan zituen beste gizonezkoarekin Elgoibarko taberna batean, emakumearekin dantzan aritu ondoren. Horren ondorioz, bi gizonei tabernatik irteteko eskatu zieten, baina "denbora igaro ondoren", beste gizonezkoari berriro tabernara sartzen laga zioten.

Geroago, 04:00ak aldera, bi biktimek taberna utzi zuten, eta ostalaritzako beste lokal batera joan ziren, harik eta, ordubete geroago, "etxeratzea" erabaki zuten arte. Idazkiak dioenaren arabera, une horretan, akusatua "labana batekin" atzetik segika hasi zitzaien, "haiek ustekabean harrapatzeko asmoz eta bere asmoari gehien komeni zitzaion moduan eraso ahal izateko, balizko defentsa aukera oro eragotzita".

"Inputatua biktimak jezarri zituen, Elgoibarko hainbat kaletatik jarraituz", zehazten du dokumentuak, harik eta 05:40ean, neskaren etxeko atarira ailegatzean, biak elkar agurtzen ari zirela eta "beraiekin egon ziren beste lagun batzuen konpainia utzi ondoren", inputatua "emakumeari bizkarretik oldartu zitzaion" eta, ustez, "hainbat labankada" eman zizkion. Erasoaren ondorioz, neskak hiru ebaki zauri izan zituen bizkarraren ezkerraldeko orno torazikoen inguruan, kapulaz azpiko aldean eta ezkerreko sorbaldan.

Halere, emakumeak "atari barruan babestea lortu zuen". Laguna, aldiz, korrika atera zen, eta auzipetuak "atzetik jarraitu zion" inguruan "harrapatu zuen arte", eta, ustez, "hainbat labankada eta kolpe eman zizkion, bera hiltzeko asmoz".

Labankada horietako batek edo batzuek aorta arteria ebaki zuten, eta "minutu batzuk geroago" hil zen, shock hipobolemiko eta "odol galera masibo" baten ondorioz. Fiskaltzak bere agirian argitu duenez, "erabilitako arma mota, labankada edo kolpeen kopuru zein bortizkeria eta erasandako bizi-zentroak bereziki egokiak ziren gizona hiltzeko" eta biktima defendatzeko aukerarik gabe uzteko. (iturria: naiz.eus)

∞Lotura duten albisteak: