Nora Hadi erizaina, gizarteaz: 'Kristoren enpatia ikusten ari gara'

Barren.eus 2020ko api. 1a, 10:32

Konfinamenduan etxean gelditu ezin direnak izan dira protagonistak ETB1eko 'Ur Handitan' saioan. Horietako bat da Nora Hadi Bastida Mendaroko Ospitaleko erizain elgoibartarra. Xabier Madariaga kazetariak ordenagailu bidez egin zion elkarrizketa.

Nora Hadik Xabier Madarariagari aitortu dionez, urduri dago koronabirusa duten pazienteak artatzen hasi direlako berak lan egiten duen Mendaroko ospitaleko unitatean. "Beldurtuta gaude, ez dakigu eta ze pauso eman behar ditugun, lehen egiten genituen lanetarako neurri bereziak hartu behar baititugu orain". Dituzten protokoloak egunero "eta batzuetan orduero" aldatzen direla azaldu du eta horietara moldatu beharra dutela, eta uneoro prest egon datorrenerako. "Nola oraindik ez dakigun nola jokatu egoera honen aurrean eta gure gainetik daudenek ere ez dakitenez, 'sobre la martxa' goaz". Egoera berri honen aurrean zalantza asko dituen arren, izaera baikorrekoa denez, pozik eta gogoz doa lanera, eta halako esperientzia batetik ikasteko gogoz. "Momentuz ez zait tokatu beste ospitale batzuetan, Txagorritxun esaterako, bizi izan dituzten egoerak bizitzea eta ondo daramat lanera joatea". Duela astebete lankide bat koronabirusaz kutsatu zela jakin zutenean, baina, gogorra izan zela dio. "Hasieran ez nuen sinistu nahi. Gure unitatekoa ez zen arren, denok egin genuen negar eta hurrengo egunean desberdina zen laneko giroa, denok ukitu eta hunkitu gintuen-eta albisteak.

Erizainen arteko elkarlana nabarmendu du Hadik 'Ur Handitan' saioan, eta pozik azaldu da gizartea osasun langileekiko erakusten ari den jarreraz. Hona hemen Hadi eta Madariagaren arteko elkarrizketaren bideoa. 'Ur Handitan' saio osoa Nahieran atalean ikus daiteke, honako loturan: 'Etxean ezin geratu'