Arnas sintomak dituzten lagunek anbulatoriora deitu behar dute aurrerantzean

Barren.eus 2020ko mar. 31a, 15:20

Eztula, arnasa hartzeko zailtasunak edo sukarra duten lagunek, alegia, COVID-19arekin bat datozen sintomak dituztenek, Elgoibarko anbulatoriora deitu beharko dute, eta handik "beharrezkoa balitz, ezarritako erreferentziazko zentroetara bideratuko dute".

Nekane Murga Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak jakinarazi du, gaurtik aurrera, arnasteko arazoak, eztula, sukarra edo eztarriko mina duten Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako herritarrek ohiko osasun zentrora deitu beharko dutela, eta handik bideratuko dituzte kasuak beharrezkoa balitz. Hala, gurean Elgoibarko anbulatoriora deitu beharko dute sintomak dituztenek, koronabirusak jota dauden ala ez argitzeko. Honakoa da Elgoibarko anbulatorioko telefonoa: 943 032 610

Osasun sistemaren berrantolaketa egin ostean, orain arte soilik Araban ezarritako neurriak EAE osora zabaldu ditu Jaurlaritzak. "COVID-19aren sintomak izan daitezkeen arnas patologiak dituzten pazienteen arreta gainerako osasun-eskaeretatik bereizi da", adierazi zuen Murgak, koronabirusak EAEn izan duen bilakaeraren berri emateko atzo egin zuen agerraldian

"Horrela, hauxe lortu da: alde batetik, paziente mota horiei arreta emateko berariaz prestatutako zentro zehatzetan zentralizatzea arnasketa-sintomekin zerikusia duen guztia; eta, bestetik, herritarrei segurtasun handiagoa ematea, zentro horietan zirkuitu definituak baitituzte, arnas sintomak dituzten pertsonek gainerakoak kutsa ez ditzaten", Jaurlaritzaren arabera. Era berean, berrantolaketa horrek dakarrena da kontsultategi periferiko gehienak aldi baterako itxi behar izatea. Horietan aritzen ziren profesionalak eremu bakoitzeko zentroetara joango dira laguntzera.