Bihartik aurrera, Debabarrenako ESIk lau zentrotan emango du lehen mailako arreta

Barren.eus 2020ko mar. 29a, 14:49

Bihartik aurrera (martxoak 30), lehen mailako arreta lau zentrotan kontzentratuko du Debabarrenako ESIk: Eibar Ospitalean eta Eibar, Deba eta Elgoibarko anbulatorioetan.

Elgoibarko anbulatorioan herrikoez gain Mendaroko eta Soraluzeko biztanleak artatuko dituzte, izan arnas patologiren bat duten gaixoak zein arnas patologiarik ez dutenak.COVID-19ak osasun zerbitzuetan eragin duen egoerara moldatzeko hartu dute erabakia.

Eibarko Ospitalean arnas patologia duten gaixoak hartuko dituzte, eta Eibarko anbulatorioan, berriz, arnas patologiarik ez duten gaixoak. Batean zein bestean Eibar, Ermua eta Mallabiko herritarrak hartuko dituzte, 8:00etatik 17:00etara. Elgoibarko anbulatorioan, berriz, elgoibartarrei, mendaroarrei eta soraluzearrei emango diete zerbitzua, 8:00etatik 17.00etara, eta Debako anbulatorioan, azkenik, Deba, Mutriku eta Itziarko biztanleak atendituko dituzte, izan arnas patologia dutenak zein ez dutenak. 

Bestalde, alarma egoera hau ezarri aurretik zehaztutako kontsultetara ez joateko eskatu die Osasun Sailak herritarrei. Arreta ez presentziala emateko Call Center zerbitzu bat jarri dute martxan. Mediku beharra daukanak bere ohiko osasun etxe edo anbulatoriora deitu behar du, eta handik zuzenduko dute deia zuzendu beharreko lekura. Telefono horretan asteko zazpi egunetan emango dute zerbitzua, 8:00etatik 00:00ak bitartera Hona hemen Debabarrenako ESIk lehen mailako arreta eskainiko duen zentroetako telefono zenbakiak:

  1. Elgoibarko anbulatorioa: 943 032 610
  2. Eibarko Ospitalea (Otaola, 6-8): 943 032 650
  3. Eibarko anbulatorioa (T. Etxeberria, 29): 943 032 500
  4. Debako anbulatorioa (Bastinuixa, 1): 943 192 424