Ertzaintzak eta Udaltzaingoak kontrol zorrotzak ipiniko dituzte berriro asteburuko joan-etorriak ekiditeko

Barren.eus 2020ko mar. 27a, 18:20

Barikutik domekara trafiko kontrolak egngo dituzte berriro ere ertzainek eta udaltzainek asteburuko joan-etorriak sahesteko. Konfinamendua ohiko bizitokian bete behar dela azpimarratu du Segurtasun Sailak. Elgoibarko Udaltzainburu Mikel Arantzamendik adierazi du "herritarren %95etik gora oso ondo portatzen" ari direla.

Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, Ertzaintzak eta Udaltzaingoek berriz ere kontrol bereziak egingo dituzte, gaur hasita domekara arte, errepide eta garraio-geltokietan, "asteburuan Euskadiko eta Euskaditik kanpoko bigarren etxebizitzetara joatea eragozteko". Konfinamendu-neurriak ez betetzeak zigorra ekar dezake, Herritarren Segurtasunerako Legearen arabera, eta arau-hauste arinen kasuan isuna 600 eurora artekoa izango da eta kasu larrietan hortik gorakoa.

Bizi dugun alarma egoeran gogora ekari dute lan-jarduerak edo premia bizikoak egiteko bakarrik zirkulatu daitekeela bide publikoetatik. Debekatuta dago oporretako edo aisialdiko irteerak egitea. Konfinamendua ohiko etxebizitzan bete behar da. Hona hemen Ertzaintzaren prentsa-oharra eta AP-68an egin dituzten kontroletako baten bideoa. Ertzaintzak eta Udaltzaingoek beste 430 isun jarri zituzten atzo, eguena, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan alarma-egoera dela-eta ezarritako neurriak ez betetzeagatik, horietatik 169 Gipuzkoan.

•"Orokorrean herritarrak bikain ari dira arauak betetzen Elgoibarren"

Mikel Arantzamendi Elgoibarko Udaltzainburuak herritarrak orkorrean ondo portatzen ari direla azaldu du BARRENi emandako elkarrizketan. "Denetik dago, baina herritarren %95a baino gehiago oso ondo portatzen ari da. Baina beti daude tranpak egiten dituzten batzuk, eta horiek zaintzen daukagu lanik handiena. Baina gu- txiengoak dira, eta alde horretatik pozik gaude. Orokorrean herritarrak bikain ari dira arauak betetzen, eta oso pozik gaude. Txalotzekoa da herritarren jarrera. Laguntza ere eskaini digute; maskarak, eskularruak eta gelak eman dizkigute lanerako eta hori eskertzen dugu".

Arauak hausteagatik isun batzuk jarri dituzte. Adibidez jendea pasiatzera irten delako. "Jende gutxi ibiltzen den lekuan aurkitu ditugu batzuk, esanez han ez zela inor egongo eta horregatik irten direla. Denok hori egingo bagenu, akabo. Beste batzuk txakurra ateratzeko aitzakiarekin pa- siatzera irten dira, edo etxetik urrunen geratzen zaien okindegi edo farmaziara joan dira. Esaterako, Ermuaranbide kalean bizi dena ezin daiteke Sigmako supermerkatura oinez joan erosketak gitera. Batzuk ez dira konturatzen, baina zenbat eta zorrotzago bete etxean egoteko agindua, hau guztia lehenago bukatuko da. Ezin da egunero irten erosketak egitera. Gutxiago irten eta gauza gehiago erosi behar dira. Ogia erosteko aitzakiarekin egunero kalera irteten dira batzuk, eta egoera honetan erosi daiteke ogia lau egunerako eta izoztu, adibidez". Elkarrizketa osoa hemen.