Borja Ortiz de Urbina: “Psikologikoki nahiko kaltetuta ikusten ditut gaixoak, bereziki adin nagusikoak”

Barren.eus 2020ko mar. 27a, 09:32

Pneumologoa da Borja Ortiz de Urbina Antia (Elgoibar, 1991) eta Gurutzetako Ospitaleko Pneumologia Sailean dihardu lanean. Koronabirusaren inguruko argibideak eman ditu, eta aldi berean, egunotan Osakidetzako langileek bizi duten estres egoeraz eta duten lankargaz hitz egin digu. Idatziz erantzun die gure galderei.

 • Lehenengo eta behin, Borja, zein da Gurutzetako ospitalean bizi duzuen egoera? Azken egunotan Bizkaian izan dira kutsatze gehien. Nola zaudete antolatuta pandemia honi aurre egiteko?

Esan duzun bezala, Bizkaian azkeneko egunetan kutsatze kopurua oso handia izaten ari da. Hemen, adibidez, gutxi gora-behera koronabirusaz kutsatu diren 200 pertsona daude ingresatuta. Antolakuntzari dagokionez, gaur egun, larrialdi zerbitzutik pasatu ondoren Gaixotasun Infekziosoen Unitateko, Pneumologia Saileko eta Zainketa Intentsiboetako Unitateko kideak ari gara pandemia honi aurre egiten. Gaur gaurkoz, bi solairu oso eta beste bi solairutako atal nagusiak koronabirusa duten gaixoentzako gorde ditugu. Hala ere, egoera uneoro ari da aldatzen eta uste dut solairu gehiago hartu beharra izango ditugula koronabirusaz kutsatutakoentzat.

 • Birusaz kutsatu zen 52 urteko erizain bat hil zen joan zen astean, Encarni. Ezinegona, presioa, antsietatea, beldurra.... zenbaterainokoak dira langileon artean?
Bai, zoritxarrez egunero jasaten ari garen presioa handia da eta igarri-igarrikoa. Gainera, une batzuetan gure buruak babesteko neurririk ez dugula izan sentitu dugu, pandemia hau oso azkar etorri delako. Baina orokorrean egoera honi aurre egiteko prestatuta gaudela uste dugu, eta hortan ari gara. Zentzu honetan iruditzen zait gizartearen laguntza ezinbestekoa dela.

 • Esana ziguten koronabirusak kutsatutakoen kopuruak eta hildakoenak gora egiten jarraituko zuela, baina datuek hotzikara sortzen dute. Felix Zubia Donostia Ospitaleko Zainketa Intentsiboetako Unitateko medikuak izotzmendiaren irudia erabili du konparaziorako. Esan digu hamarretik zortzik sintomarik gabe edo ia sintomarik gabe pasatuko dutela gaitza eta horiek direla urpean daudenak, ur aza-lean daudela sintomadunak eta izotzmendiaren punta kasu larriek osatzen dutela. Zer dakigu koronabirusaz?

Koronabirusa Coronaviridae familiako birus mota berri bat da. Covid-19 izeneko birus honen sorrerari buruz hainbat teoria daude eta, aditu askok Wuhango (Txina) merkatu batean sortu zela diote. Gaixoaren eztularekin eta doministikuarekin sortzen diren arnas jariakinekiko kontaktu estuaren bidez transmititzen da. Sekrezio horiek edozein gainazaletan daude, eta beraz, horiek ukitzen dituen edozein pertsona kutsa daiteke, sudurrera, begietara edo ahora eramanez gero. Horregaitik da hain garrantzitsua eskuak ondo eta maiz garbitzea. Sintoma ohikoenak eztula, eztarriko mina, sukarra eta aire faltaren sentsazioa dira. Azkeneko datuen arabera, koronabirusaz kutsatutako %80k sukarra eragiten duen arnas bideetako infekzio bat besterik ez dute izango, baina hala ere, kasu batzuetan okerrera egiten dute, eta birusak pneumonia larriak eragin ditzake, bereziki adin handiko pertsonetan edo bihotzeko eta biriketako gaixotasun kronikoak dituzten pertsonetan

 • Zenbat irauten du ziklo batek, kutsatzen garenetik sendatzen garen arte? Birusaz kutsatzen denak zenbat egunez dauka arriskua beste norbait kutsatzeko?
Alde batetik, inkubazio-aldia, hau da, infekzioaren eta gaixotasunaren sintoma klinikoen agerpenaren arteko denbora- tartea , 1 eta 14 egun bitartekoa da; batez beste, 5-6 egun izaten dira, baina gure esperientziaren arabera, sintomak hasi ondoren ez dakigu zehazki gaixoak zenbat egunez izango duen arriskua beste norbait kutsatzeko. Horregatik, ospitaletik etxera bidali aurretik, Covid-19aren PCR testa (birusa gorputzean erreplikatzen ari den edo ez jakiteko proba) egiten diegu. Bukatzeko, bi astez etxean bakarturik egotea gomendatzen diegu eta hartu beharreko neurriak zeintzuk diren azaltzen diegu: jateko tresnak tenperatura altuan garbitu, erabilitako arropak poltsa itxi batean sartu... Hilabete pasatu ondoren bularraldeko X Izpi bidezko kontrola egiten diegu gure kontsultetan.

 • Gaur gaurkoz ez dago botikarik koronabirusaren kontra egiteko, baina ari dira ikertzen. Aurrerapenik izan al da? Noizko izango da botika?
Gaur egun era desberdinetan jarduten duten hiru botika ari gara erabiltzen larritasun egoeraren arabera, baina egia da gutxi ikertu dela orain arte. Era berean, Gurutzetako Ospitaleko ikertzaileak, Alemaniako, Frantziako eta Italiako ospitale batzuekin batera, ikerketa berri baten murgildu dira birusaren ARN Polymerasa entzima galarazten duen Remde- sivir izeneko botika baten eraginak ezagutzeko.

 • Kasurik larrienak pneumonian bukatzen dutela entzun dugu eta arnasa hartzeko arazo handiak izaten dituztela. Pneumologoa zara. Egoera kritikoena hori al da?
Bai, gure esperientziaren arabera, birusak sortutako pneumoniak dakarren arnas gutxiegitasuna izaten da egoera kritikoena eta hori saihestea edo agertzen denean oxigenoterapia bidez edo aireztapen mekanikoaren bidez aurre egitea izaten da gure lana.

 • Jaurlaritzatik ohartarazi dute oraindik ez duela goia jo, okerrena etortzeko dagoela alegia, eta etxean egotea dagokigula. Zergatik da horren beharrezko konfinamendua zorrotz betetzea?
Beste herrialde batzuetan ikusitakoaren arabera goia jotzear garela uste dugu, baina hortarako neurriak hartzen ari gara eta hortan ere biztanle guztiok konfinamendua zorrotz betetzea ezinbestekoa da, kutsatutako pertsona bakoitzak batezbeste bizpahiru pertsona kutsa ditzakeela esaten baitute azkeneko ikerketek.

 • Jaurlaritzatik ohartarazi dute egoera oso larria dela, baina momentuz ez dagoela kolapso egoerarik, Madrilen-eta ikusten ari garen bezala. Hala ere, material eskasia salatu dute profesional askok, adinekoen egoitzetakoek-eta. Prestatuta gaude datorrenerako? Zein da zuen egoera? Ba al daukazue behar beste babeserako ekipo?
Lehen esan bezala, material falta igarri dugu une askotan eta hori Euskal Herriko ospitale nagusietako batean lan egiten dudala. Ez dakit ziur nola ari diren lanean besteetan, baina entzun dudanez Madrileko eta Euskal Herriko adineko egoitzetan material falta nabarmena izaten ari dira. Nire kasuan egunero kutsatuta dauden pertsonak atenditzeko bata espezial bat, FP-3 deituriko maskarilak eta betaurreko espezialak erabiltzen ditut. Hasieran bata eta maskarila bakarra erabiltzen nuen pertsona bakoitzeko, baina orain, ingresatutako kopurua dela-eta, egunean bata eta maskara berarekin atenditzen ditut kutsatutako pertsona guztiak, neurri handiak hartuta.

 • Konfinamendua ezarri digute. Ospitaleetan jendea bakarrik ari da hiltzen, zahar etxeetan bisitarik gabe daude adinekoak, dolurik ezin da egin, hiletak ere bertan behera gelditu direlako.... Zer kalte psikologiko ekar ditzake ustez pandemiari aurre egiteko biderik eraginkorra denak?
Seguraski gure eguneroko lanaren alderik gogorrena aipatu duzu. Nire esperientzia motza kontuan hartuta, psikologikoki nahiko kaltetuta ikusten ditut gaixoak, bereziki adin nagusikoak. Oso gogorra egiten zaie bakarrik egotea, bisitarik gabe. Beste aldetik, familiako kideen urduritasuna somatzen ari gara, oso gogorra baita etxeko bat gaixorik egotea eta ikusi ezin izatea. Egunero saiatzen gara bisita pasa ondoren senideei etxera edo sakelako telefonora deitzen, gaixoak nola dauden esateko eta ia berririk dugun adierazteko, eta hori izaten da laneko momenturik gogorrena. Etxeko eta mediku asko ikusi ditut momentu horietan hondoa jota.

 • Nekane Murga sailburuak adierazi du gaixoen %30 baino gehiago daudela ospitaleratuta. Hala ere, esan du ospitaleratzea beti ez dela aukerarik onena. Zergatik? Era berean, esan du hotelak eta egoitzak prestatzen ari direla, gaixoak artatzeko. Zer aurreikusten duzu datorren asterako? Noiz arte luza daiteke hau?
Ospitalera benetan larri dauden gaixoak bakarrik iritsi behar dira, alde batetik, ditugun neurriak eta materiala benetan behar dutenei eskaintzeko, eta bestetik, kutsatze kopurua murrizteko. Ospitalean ikusten ari garena eta Madrilen ikusten ari garena ikusita, gero eta litekeenagoa da Euskal Herrian ere era horrelako neurri batzuk hartu behar izatea.

 • Zer esango zenieke gure irakurleei?
Indartsu mantendu behar garela, orain inoiz baino gehiago eta hau pandemia bat denez, etorri zen bezala joango dela.

Aste honetako BARREN aldizkarian (1153. zenb) berri eta elkarrizketa gehiago -PDF-