Osasun larrialdi egoera honetan Udalak hartu beharreko neurriak proposatu ditu Mendaroko EHBilduk

Barren.eus 2020ko mar. 26a, 18:03

 

Honako hauek dira Mendaroko EHBildutik egindako proposamenak:

Egoera zahurgarrian daudenak babesteko neurriak:

Pertsona edadetuak kalera ez irteteko gomendioak ondorio larririk ez izateko hainbat zerbitzu martxan jartzea eskatu dute: Honako hauek:

  1. - Nagusientzako eguneko egoitza itxita dagoen bitartean, gizarte langileek herriko edadetuen jarraipen zuzena egitea (Abian da dagoeneko).
  2. - Nagusi horiek osasun edo zaintza beharrizan bereziak baldin badituzte, dagokien zerbitzuaren bitartez artatzen saiatzea, bai anbulatorioarekin harremanetan jarriz edota etxez etxeko zerbitzua eskainiz.
  3. - Nagusiek egoitzan jan ezin izateak ondorioak izan ditzakeenez, Udalak zerbitzu hori beste modu batera bermatzea edota etxez-etxeko zerbitzua ematea.
  4. - Nagusiek elikagai eta bizigaiak etxean jaso ditzatela bermatzea (martxan da dagoeneko).

Era berean, neurri horiek behin martxan jarrita, jarraipen zuzena egitea ere eskatzen dute EHBildutik eta sortzen diren behar berriei erarik egokienean erantzutea. Horretarako, hiru neurri proposatu dituzte: herriko 70 urtez gorako pertsonei deitzea, zerbitzuen berri emateko eta haien egoera pertsonalaren eta emozionalaren jarraipena egiteko;  adinekoen zaintzaz arduratzen diren pertsonak gehienetan egoera ahulenetan daudenak izan ohi direnez (kontraturik gabe lanean, ordutegirik eta babesik gabe...) haien jarraipena ere egitea eta gizarte langileen bidez laguntza ematea; eta etxez etxeko laguntza zerbitzua bermatzea: ahal den heinean beharrizanei erantzun eta zerbitzua handiagotuz.

Umeak

  1.  Gizarte langileek zerbitzuaren erabiltzaile diren eta jantoki beka jasotzen duten haurren jarraipena egitea.
  2.  Eskola eta guraso elkarteekin harremanetan jartzea kasurik detektatuta duten jakiteko 
  3.  Haur horiei jana bermatzeko zerbitzua ezartzea

Behar bereziak dituzten pertsonak

Behar bereziak dituzten pertsonei baimen bereziak ematea kalera irten daitezen.

Indarkeria matxistaren biktima izan daitezkeenentzat

EHBildutik ohartarazi dute egoera hauetan bizi diren pertsonei era berezi eta larriago batean eragingo diela Koronabirusagatik ezarritako konfinamenduak. Horregatik, pertsona horiek babesteko bi neurri proposatu dituzte.

  •  Herritarren artean sentsibilizazio kanpaina egitea laguntza eskain dezaten, eta bestetik, herritarrei egoera hauek saihesteko telefonoen berri ematea. "Covid-19aren pandemiak sortutako egoera ez ohiko honetan kolektibo zaurgarrienak muturreko egoerak bizitzera eramaten ditu, indakreria matxistaren biktimak eta osasun mentalen bat duten pertsonak besteak beste. Horregatik, Udalak eskura dituen baliabideak jarriko ditu kolektibo zaurgarri hauek babesteko; baina ez-ohiko egoera honetan ezinbestekoa da komunitatearen zaintzak denok parte hartzea. Dei egiten diegu herritarrei auzokideak zaintzera. Indarkeria matxista jasaten duen pertsonaren bat auzoan badugu laguntza eskaini diezaiokegu, adi egon gaitezke laguntza behar duen ednori hau eskaintzeko eta beharrezkoa bada, gizarte zerbitzuetara edota Ertzaintzara deitzea eskatzen dizuegu", dio hitzez hitz oharrak.

 

Ekonomikoki kaltetuenak izango direnentzako laguntzak

Herriko komertzio, taberna, ekoizle, familia eta langileak laguntzeko aukerak aztertu eta martxan jartzea proposatu dute EHBildutik, Mendaroren ezaugarriko herrian horretarako aukerak badirela arrazoituta. "Gerakinetik, alkatetzat erabaki dezakeen aurrekontu zatitik, eta proikertuak bertan behera utziz egin daiteke", jaso dute.

Udal kontratazioa eta espedienteak

Zerbitzuen prestazioa jasotzen duten kontratu publikoekin sor daitezkeen arazoen aurrean, hiru pausu proposatu ditu EHBilduk.

  • Ahal den neurrian kontratuak ez etetea, enpresekin adostasunera iristen saiatzea (behi-behineko etenak erabakitzea, langileen soldatak ordainduta eta enplegua bermatuta eta enpresei jakinaraztea enpleguak mantendu egin behar dituztela eta behin etenaldia altxatuta, zerbitzua aurretik zegoen baldintzetan eman behar dutela) eta "urgentziazko premiak" astetzeko kontratuak egitea, bai ohiko bidetik zein Espainiako Gobernuak emandako aukeratik.

UDAL ZERGAK

Trakzio Mekanikoko Ibilgailuen Gaineko Zerga eta Ondasun  Higiezinen Gaineko Zerga atzeratzea proposatu dute.

ETXE KALERATZEAK ETA ANTZEKOAK

Mendaron etxe kaleratze kasurik emango balitz, inplikatutako pertsonei eta epaitegiari ahal den azkarren jakinaraztea etxe kaleratzeak bertan behera gelditu direla.

KALE ETA ERAIKINEN GARBIKETA

Kale eta eraikin publikoen garbiketa zorroztea eta beharrezko lekuetan desinfekzio lanak egitea proposatu dute, bai eta kalean zein eraikinetan garbiketa egiteko protokoloak berrikustea eta moldatzea, komenigarria balitz.

KULTUR ARLOKO IKUSKIZUNAK

Kontratu publikoak izanda ere, "aparteko arreta" jarri nahi izan du EHBilduk gai honetan. Honela dio proposamenak, hitzez hitz: "COVID-19ak sortutako egoerak kultura arloan bizi duten prekarietatea areagotu besterik ez du egin. Horregatik uste dugu ahal den neurrian kontratu horiek ez liratekeela bertan behera utzi behar. Data berria jartzea zaila bada ere, posible litzateke sine die atzeratzea; eta momentu honetan ikuskizuna egiteagatik ordainduko litzatekeenaren aurrerapen bat ematea (%30ekoa)".