Jaurlaritzak eta EITBk irakaskuntza indartzeko hezkuntza-saioa jarriko dute martxan astelehenean

Barren.eus 2020ko mar. 26a, 16:51

 

Ikasleen hezkuntza-prozesua errazteko helburuz sortu dute Bitartean, etxetik ikasten saioa. Lehen Hezkuntzako 1. eta 4. maila arteko ikasleei zuzenduta egongo da bereziki eta edukiak adin tarte horretako curriculumari lotutakoak izango dira. 30 minutuko saiotxoak izango dira, euskaraz, eta maila bakoitzari dagozkion materialak landuko dituzte. Saioa Basurtuko ikastetxe publikotik emango dute. Hala ere, Hezkuntza Sailaren zein EITBren asmoa Bitartean, etxetik ikasten  saioa interaktiboa egitea da. Era horretan, ikasleek euren galdera, zalantzak edo iradokizunak egin ahal izango dituzte, eta horien erantzunak programan zehar edo hurrengo emankizunetan emango dituzte.

Atalak eta gaiak

2020 03 26 Koronabirusa EITBren saioa

Egunero, Aldaba izeneko tartearekin zabalduko dute saioa. Irakasleak etxeetatik jasotako feedbacka partekatzeko unea izango da; jasotako argazkiak, audioak, kezkak eta galderak erantzuteko momentua. Hiru orduko eskola izango da eguenero eta denetariko gaiak landuko dituzte. Esate baterako, Irakurketarekin goxatzen atalen, egunero, ordu laurden bat eskainiko diote irakurketaren ulermenari, testu ezberdinak oinarri hartuta. Euskararen gaia Hitzak jolasean atalean landuko dute. Ahozkotasunak izango du lehentasuna (hitz-jolasak, aho korapiloak, ikerketa proposamenak, errezetak, komikiak eta ipuinak sortu...), idatzizko adierazpena ahaztu gabe, hala ere. Bestalde, Mugi-mugi atalak ariketa fisikoak proposatuko dituzte.

Hari-mataza tartean matematika landuko dute: buruketak, mahai-jolasak, jolas matematikoak, matematikaren eragina egunerokotasunean, buruzko kalkulurako estrategiak, abakoen erabilera, bitxikeria matematikoak... English corner, berriz, ingeleseari eskainitako tartea izango da, eta Munduaren birak atalean, Gizarte Zientzietako gaiak landuko dituzte. Atal horri lotuta, Zientzia edonon atala ere sortu dute, eta hor, metodo zientifikoaren erabilera egunerokoan zenbaterainokoa den azalduko diete eskola-umeei. Musikak ere izango du lekua saio berri honetan. Ttakun-ttakun atalean, musika adierazpena, dantzak, perkusio jolasak, eta erritmoak landuko dituzte, eta Bitakora tartean, egunean ikasitako guztiaren errepaso modukoa egingo dute.