'Elgoibarren Gertu' zerbitzua jarri du martxan Udalak, indarkeria matxista jasateko arriskuan dauden emakumeei laguntzeko

Barren.eus 2020ko mar. 26a, 11:31

'Elgoibarren Gertu' zerbitzuak eskainiko du Elgoibarko Udalak alarma egoerak irauten duen bitartean indarkeria matxista jasateko arriskua duten emakumeei laguntzeko. Telefono bidezko zerbitzua izango da, eta 7:00etatik 21:00etara egongo da martxan.

 

Elgoibarren GERTU”k  688 804 672 telefono zenbakia izango du eta goizeko 7:00etatik gaueko 21:00etara egongo da erabilgarri, bai deiak egiteko, bai deiak jasotzeko, emakumeekin adosten diren ordu eta egunetan. Telefono honetan deiak, bideo-deiak eta Whatsappak jaso ahal izango dira.

'Elgoibarren GERTU' ekimenak honako zerbitzu hauek eskainko ditu, alor horretan adituak diren profesionalen bidez:

  • Indarkeria matxistaren egoerei aurre egin behar dieten emakumeei laguntza emozionala emango diete, bai egoera horiek alarma egoera baino lehen gertatzen zirelako edo bai egoera honen baitan sortu direlako. Bikotekideekiko, seme-alabekiko edo, etxean, konfinamendua partekatu behar duten beste pertsona batzuekiko arazoak.

  • Laguntza eskaintzen den bitartean sor daitezkeen gizarte arazoak gizarte zerbitzuekin batera kudeatzea.

  • Laguntza eskaintzen den bitartean sortzen diren segurtasun arazoak tokiko poliziarekin batera kudeatzea.

  • Beste laguntza motaren bat behar baldin bada, laguntza hori udal mailako edo erkidego mailako beste baliabide batzuekin batera kudeatzea.

  • Beharrezkoa dela uste izanez gero, indarkeriaren biktima diren emakumeak artatzeko Eusko Jaurlaritzak duen zerbitzura edo 112ra bideratzea.

  • Artatzen diren kasu guztien jarraipena egitea, alerta egoerak abian dagoen denbora guztian.

Era berean, Elgoibarko Udalak gogorarazi du, Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak etxeko indarkeriaren edo sexu-erasoen biktima izan diren emakumeentzako informazio eta arreta-zerbitzua eskaintzen duela 900 840 111 telefonoaren bitartez. Informazio gehiago: https://www.euskadi.eus/informazioa/genero-indarkeriaren-biktima-diren-emakumeentzako-zerbitzu-espezializatua/web01-a2gizar/eu/