Felix Zubia: “Nik, medikua naizen aldetik, ekonomia guztia etengo nuke”

Barren.eus 2020ko mar. 26a, 08:19

Ez da gurean ohikoena, baina gaur, Euskadi Irratiko Arantxa Arza kazetariak Felix Zubia (Zarautz, 1974) Donostia Ospitaleko Zainketa Intentsiboetako Unitateko medikuari egindako elkarrizketa ekarri dugu hona, oso argigarriak iruditu zitzaizkulako Zubiak emandako azalpenak. 

Elkarrizketa igandean, martxoaren 22an, egin zion Arzak Zubiari iganderoko Osasun Etxea tartean (www.eitb.eus/osasunetxea). Irakurtzen hasi aurretik, beraz, egin kontu, irakurle, lau egun pasatu direla solasaldi hau izan zutenetik.

 • Esana ziguten kutsatuen eta hildakoen kopuruak gora eta gora egingo zuela, baina datuek hotzikara sortzen dute. 

Gaitzaren hedapena nolakoa den gogoratzea komeni da, gaitza bera oso gaiztoa delako alde horretatik. Birusa hartuta, inkubazioak, sintomarik gabeko garaiak, 3-14 egun iraun ditzake; gehienetan, 5-7 egun. Laburbilduz, astebete. Ondoren, sintomek, arinak baldin badira, 7-10 egun irauten dute, gutxi gorabehera astebete, baina ikusi da okertzen diren kasuak aste horren bukaeran okertzen direla eta heriotzak ere 7-10 egun pasata gertatzen direla. Beraz, orain ikusten ari garen heriotza kasuak gaur hamabost egun kutsatu zirenenak dira. Horregatik, zenbakiei bakarrik begiratzen baldin badiegu, garbi ikusten da gaitzaren atzetik goazela. Sintomak agertu eta hamabost bat egunean, kutsatu de- zake pertsona horrek beste norbait. Baina hemen guztian bada zerbait nabarmentzekoa: pertsona gehienek sintoma arinekin pasatzen dute gaitza. Astebete edo gutxiago egiten dute ondoezik. Gaixoekin beraiekin egoteko aukera izan dut, eta gehienek zera esaten dute: “Baina hau katarro bat baino ez da! Bi eguneko sukarra izan dut, astebeteko eztula. Hau al da dena?”. Bai, eta hala da, baina batzuek, aste horren amaieran, 7-10. egunean, pneumonia larri bat garatzen dute eta arnasa hartzeko arazo larriak izaten dituzte. Okerren eramaten dutenak adinekoak [gizonezkoak emakumeak baino gehiago] eta gaixo kronikoak dira. Eta gero, hori ere ikusi dugulako, portzentaje oso-oso baxu batean eta arrisku txikiarekin pertsona gazteek ere garatzen dute pneumonia larri hori. Ziklo batek, beraz, gutxi gorabehera, bi-hiru aste irauten ditu, eta gaixo bakoitzak bi pertsona kutsatzen baldin baditu, bi aste pasata-edo, gaixo batetik bi gaixo izango ditugu; laugarren astean, 4 izango ditugu, hurrena, 8, gero 16, 32 ondoren, 64 gero, 128 hurrena, 236, 512, 1.024... Hau da, neurriak hartuta ere, emaitza ikusterako gaitza zabalduta dago, eta bitartean, gainera, biderkatu egin zaigu agerpena. Biderkapen hori ikusten ari gara egunotan, eta beraz, pentsatu behar dugu gaur hiltzen ari zaizkigunak gaur hamabost bat egun kutsatu zirela. Astebete da neurri zorrotzagoak hartu zirela eta astebete honetan gertatutakoak eta kutsatutakoak datorren aste honetan agertuko zaizkigu. Beraz, datorren aste hau [martxoaren 22tik martxoaren 29ra artekoa] oso gogorra izango da zenbakien aldetik, bizipenen aldetik eta egoeren aldetik. Italian diote Bigarren Mundu Gerraz geroztik pasatu duten egoera larriena dela.

Badakigu gaitzak aurrera egingo duela, etorriko zaigula eta zenbat eta denbora gehiago pasatu datuak berdintzen, orduan eta larriagoa izango dela. Hau da, astebetean ehun badira positiboak, eta hurrena, berrehun, oraindik gorakoan gaude. Ehun eta ehun baldin badira, berriz, berdintze-maila batean egongo gara eta ondoren jaitsiera-fasea etorri zaigu. Beraz, aste gogorrak datozkigu eta presta gaitezen.

 • Zer dakigu gaitzaz?
Pertsonarik gehienek, hamarretik zortzik, sintomarik gabe pasatzen dutela edo ia-ia konturatu gabe, baina birusa izan arren sintomarik agertzen ez duten horiek kutsa ditzakete beste batzuk. Ondorioz, ez dakigu une honetan ziur zeinek daukan gaitza eta zeinek ez. Horretarako milioika test beharko genituzke eta hori oso zaila da. Ondorenean, sintomak dituzten %20 horren %80k sintoma oso arinak dituzte, eta sintomak dituztenen %15-20k okerrera egiten dute, eta %5 bat dira benetan larri jartzen direnak. Kutsatutako norbaitekin kontaktua izan duten guztien %1a, alegia. Banaka hartuta, beraz, arriskua oso baxua da, baina era berean badakigu biztanleria osoaren %70 inguru egongo garela birusarekin harremanetan. Beraz denok hartu behar dugu neurriren bat hau gelditzeko, kopuruak hain handiak badira gaitza oso hedatua dagoelako baita. Izotzmendiaren irudiak balio du azaltzeko zer dugun. Urpean daude sintomarik gabekoak, ur azalean, kutsauak, eta izotzmendiaren punta larrien daudenek osatzen dute. Horregatik herrialdetik herrialdera datuak ezberdinak dira. Alemanian, adibidez, kasu asko dituzte, baina hildako gutxi. Suedian ere bai, Norvegian ere berdin. Zergatik? Neurketa gehiago egin dituztelako eta sintomarik gabeko horiek atzematen ari direlako. Eta hemen, gurean, sintomarik gabekoei ez zaie testik egin.

 • Sintomarik gabeko horiei testak egingo balitzaizkie zerbaitetan aurreratuko genuke?

Aurreratuko genuke pertsona horiek isolatu ahal izango genituzkeelako, baina nik uste une honetan eta ikusita zein hedatua dagoen gaitza isolamendu-neurriak unibertsalak izan behar direla. Gaitza hain hedatua dagoen momentuan, ‘zu bai, zu ez’ entresaka eginez ibiltzea ez da praktikoa, eta ezta guztiz ziurra ere. Arduraz jokatzea dagokigu. Badirudi denok zerbait egin behar dugula, bada momentu honetan etxean egotea eta itxuraz ezer ez egitea asko egitea da, eta hori egitea dagokigu. Horrez gain gogorazi behar dugu sintomak dituenak etxean gelditu behar duela, eskuak eta gainazalak sarri garbitu behar ditugula denok eta pertsonekin aurrez aurreko harremanak eten behar ditugula aldi batez.

 • Eusko Jaurlaritzatik ohartarazi dute egoera larria dela, baina momentuz kolapsorik ez dagoela. Materiala, arnasgailuak, maskarak... Prestatuta al gaude datorrenerako? Nahiko baliabide al dago?

Ez dakit, baina egin kontu zelako dimentsioa duen honek. Guk momentuan badaukagu tokia, baina ez dakigu honek goia joten duenean nola ibiliko garen. Efektua hamabost egunera ikusten ari gara, eta orain neurririk hartzen ez baldin badugu, ikaragarria etorriko zaigu. Ekipamenduez ari garela, guk momentuan ez daukagu babeserako ekipamenduen gabezirik, baina egia da lehen lerroan gaudela, eta beraz, ondoen hornituta daudenak garela. Baina egin kontu: Zainketa Intentsiboen Unitatean dagoen koro- nabirus kasu bakoitzeko hogei bat babes-ekipo behar ditugu eguneko. Beraz, hogei kasu izanda, 400 ekipo eguneko. Astebetean, 2.800 ekipo, eta Euskal Herrian, gutxi-gorabehera, 15.000 babes-ekipo beharko genituzke eguneko. Ospitale handi batean 3.000 langile ari dira lanean eta bakoitzari ekipo bana emanda, astebetean 20.000 bat ekipo beharko genituzke. Horri gehitu osasun etxeetan behar dituztenak, zahar etxeetan behar dituztenak.... Egin kontu zenbat babes-ekipo behar ditugun orain, munduko herrialde guztietan eskatzen ari diren une honetan. Beraz, eskaera izugarria da, eta behar den guzti hori ekoizteko zailtasun handiak daude. Ez da diru kontua, ez da borontate kontua; posibilitate kontua da. Ekipo horiek modu estandarizatuan egiten dituzte, kontrol neurri zorrotzak hartuta, baina daudenak agortzen badira nik neuk ez dut baztertzen beste bide batetik sortu behar izatea.

 • Gaitzak aurrea hartu digu, beraz?
Ikaragarri aurretik doakigu gaitza. Italia iparraldean produkzioa guztiz etetea erabaki dute. Estatu espainiarrean ere badira hori eskatzen ari direnak eta egia da medikuntzaren ikuspegitik harreman guztiak eten behar direla eta leku guztietan. Nik, medikua naizen aldetik, ekonomia guztia etengo nuke, guztiz beharrezkoak ez diren zerbitzuak izan ezik. Horrek ekonomiari kalte handia egin diezaiokeela? Bai, hala da, baina egoera halakoa da. Ekonomiari kalte handia eragingo dio bai ala bai, baina osasunari ere bai, eta hor oreka bilatzea eta puntua hartzea ez da batere erraza, baina Txinako Gurutze Gorriak Italiara egindako bidaian lan-harreman guztiak etetea gomendatu du. Ez da lana eten nahi berez. Pertsonen arteko harreman guztiak eten nahi dira, eta nik mediku naizen aldetik, gomendio hori bera egingo nuke, jakinda erabakia hartu behar duenak ez duela lan erraza. 

 • Osasungintza kolapsatuko balitz, beste leku batzuetan gertatu den bezala, Zainketa Intentsiboetako medikuak oso erabaki zailak hartu beharrean egongo zaretela irakurri dugu. Alegia, aukeratu egin beharko duzuela nori lagundu. 

Irakurketa okerra egin da. Baliabideen faltatik egin da irakurketa eta ez pazientearen egoeraren ikuspegitik. Zainketa Intentsiboen Unitateko espezialista naiz, horretan egiten dut lan egunero eta guretzat egoera larrienetako bat da pneumonia duen gaixo bat arnasa hartu ezinik gelditzea, eta are gehiago jakinda, kasu honetan bezala, mikroorganismo hori hiltzeko botikarik ez daukagula. Pertsona sedatu egin behar da, lokartu egin behar da guztiz, arnasgailu bati lotu, eta sendatu arte itxaron. Bitartean, muskuluak eta nerbioak kaltetu egiten dira, indarrik gabe gelditzen da pertsona, ultzerak izaten ditu, gaininfekzioak hartzen ditu geldi-geldi egonik, tutuari bestelako gailuak jarri behar dizkiogulako eta hortik mikroorganismoak sartu ahal direlako gorputzean.

Guzti hori gainditzeko sasoia behar da. Trakeotonomia egin behar zaio, errehabilitazioa egin behar du gero, ospitalean bi- hiru hilabeteko egonaldia egin behar du, ondorengo antsietateak, amesgaiztoak... eta pertsona bat ez baldin badugu gai ikusten hau gainditzeko, ez diogu egiten. Hau da, ez dugu kalbario batetik pasarazten jakinik ez dela irtengo. Hartzen diren erabaki gehienak hartzen ditugu pertsona horren sufrimendua ez luzatzeko eta alferrikako tratamendurik ez egiteko. Eta nork du ez gainditzeko arrisku handiena? Dementziaren bat dutenek, gaitasun funtzionalik ez dutenek edo lehendik ere indar gutxi dutenek, eta organoren bat eskas dutenek. Eta azkenik, adinaren aldagaia dator. Gauza asko irakurri dut honen inguruan eta ez zaizkit gustatu. Ez da adinagatik bakarrik hartzen den erabaki bat, eta erabakiak ez dira ezta ere baliabide faltagatik bakarrik hartzen. Oso gogorra da hori egitea eta pertsona bati edo ingurukoei esatea ez duela gaitasunik egoera hau gainditzeko.

Halako erabakiak egunero hartu behar izaten ditugu, hala ere, eta bai, gure lanaren zatirik gogorrena da. Gertatzen dena da orain halako kasu asko dauzkagula eta etengabe aritu behar garela hau azaltzen. Guzti honek kalte psikologiko handiak ekarriko ditu. Ospitaleetan bakarrik ari da hiltzen jendea. Eta ez da hori bakarrik. Dolurik ere ezin da egin eta beilatokiak ere itxita daude.