Santa Klara komentu ohia etxegabekoentzako aterpetxe bilakatzeko sinadura bilketa hasi dute

Barren.eus 2020ko mar. 25a, 15:33

Santa Klarako komentua egon zen eraikina etxegabeentzako prestatzeko eta zabaltzeko eskatu du herritar talde batek, eta sinadura bilketa ere hasi dute change.org plataforman.

 Koronabirus pandemiak sortutako krisialdia guztioi eragiten ari da, baina beti moduan, bada egoera larriagoan daudenak, etxegabeko lagunak, adibidez. Nagore Cid elgoibartarrak azaldu duenez, etxegabeei nola lagundu pentsatzen ari zirela, moja klaratarrak egon ziren Santa Klarako komentua etxegabeentzako behin behineko aterpetxe bilakatzeko baldintza guztiak betetzen zituela ikusi zuten: "Duela gutxi itxi zuten, 2018an, logela mordoa dauzka; 22 bigarren solairuan, leiho eta balkoiekin, pasiatzeko guneak eta lorategiak ditu, eta kapera bat ere badu, behar izanez gero inor berrogeialdian jartzeko. Eta gainera, eremu guztia hesituta dago", adierazi du. Donostiako Udalak, esaterako, Atano III pilotalekua hiriko etxegabeentzako aterpetxe bilakatu du, 80 oherekin. Cid-ek gaineratu du alokairuekin arazoak izan ditzaketen lagunek ere behar izatea halako azpiegitura bat eta gaineratu du eskualde osoari eman diezaiokela zerbitzua. Hona change.org webgunean hasi duten sinadura bilketa