Mendaroko Odol Emaileen Elkartetik eskerrak eman dizkiete emaileei

Barren.eus 2020ko mar. 22a, 10:39

Koronabirusak berezi egin du hau ere. Barikuan odol ateratzeak egin zituzten Mendaron, neurri zorrotzak hartuta. Badaezpadako neurriak aplikatuta hogei minutuko bederatzi txanda osatu zituzten elkartekoek, eta 45 lagunek eman ahal izan zuten odola. Beste asko eman ezinda gelditu ziren, eta batzuei zein besteei eskerrak eman dizkiete Odol Emaileen elkartetik. (Argazkia artxibokoa da)

 Iragarri zuten neurri guztiak hartuko zituztela, koronabirusa dela eta ez dela, eta hala egin zuten. Beti-betiko emaileei dei egin zieten odola ematera joateko, eta telefono zenbaki bat jarri zuten txandak hartzeko. Elkartekoek eurek banatu zituzten txandak eta esandako orduan agertu ziren emaileak Mendaro Ikastolara. Guztira, 45 lagunek eman zuten odola. Txanda eskatuz deitu zutenak gehiago izan ziren, baina segurtasun neurriak zaintzeari lehentasuna eman zioten arduradunek, eta horrenbestez, ezin izan zuen denek eman. Gaur, herritarren prestutasuna eskertu dute arduradunek. "Oso harro gaude Mendaroko odol emaileekin, erantzun ezin hobea izan eman zuten barikuan, kontuan izanda egoera berezia izan zela", zabaldu dute ohar bidez.