'Guztion artean' elkartasun sarean parte hartzeko dei egin die Udalak herritarrei

Barren.eus 2020ko mar. 20a, 13:19

 

Eusko Jaurlaritzak etxetik atera ezin diren pertsona asintomatikoei oinarrizko behar-beharrezkoak diren zereginak egiteko jarri du martxan Guztion Artean elkartasun sarea, eta hori bultzatu nahi du Elgoibarko Udalak. Zehazki, 70 urtetik gorako pertsonei eta mendekoei, edo ahultasun beste egoera batzuetan daudenei (azken horiek administrazioak eratorritakoak) zuzendutakoa da egitasmoaa, beti ere,  familiakoen laguntzarik ez dutenentzat. Helburua da premiarik handienak dituzten euskal herritarren behar horiek  tresna bakar baten bidez bideratzea eta, aldi berean, osasun-kalteak saihestea, haientzat zein laguntzen dieten boluntarioentzat. Guztion osasuna zaintzeko, mugimenduak mugatu behar dira, eta, horregatik, behar-beharrezkoak diren zerbitzuak baino ez egitea izango da egitasmoaren helburu nagusia. 

Guztion ARtean elkartasun sareaen bidez, pertsona horien eguneroko bizitza kudeatzeko behar-beharrezkoak diren zerbitzuak eman nahi dituzt: besteak beste, eguneroko bizitzako premiei erantzutea da asmoa: elikagaiak, higiene eta garbiketa produktuak eta premiazko beste batzuk eskuratzea, zaborra jaistea, Osasun Txartel Indibidualean agindutako sendagaiak biltzea, maskotaz arduratzea... . Hortaz, lantzen ari den plan honetan ez dituzte kontuan hartuko bakardadean laguntzeko premiak eta beste zirkunstantzia berezi batzuk, horretarako badaudelako beste laguntza-sare batzuk, esaterako, Telelaguntza Zerbitzua, Nagusilanen Zilarrezko Haria 900 713 771 edo Itxaropenaren Telefonoa 900 840 845.

Boluntarioen kasuan, parte hartzeko baldintzak honako hauek izango dira: 18-64 urte izatea, osasun-arazorik ez izatea eta datorren hilabetean, astean bi edo hiru egunetan, gutxienez bi ordutan laguntzeko prest egotea.

Gurutze Gorriak, Eusko Jaurlaritzarekin elkarlanean, 945 222 222 telefonoaren bidez, laguntza eskaerak jaso eta boluntario gisa lagundu nahi duten pertsonen datuak jasoko ditu. Era berean, Udalak jakinarazi du aurrez aurreko arreta eskaini ez arren telefono bidezko arreta ematen ari direla UDaleko Gizarte Zerbitzuan, ondorengo telefono zenbakien bidez:   943 74 10 50 / 943 74 10 08