Zertan ari zarete egunotan? Nola bizi duzue konfinamendua?

Barren.eus 2020ko mar. 20a, 16:17

Ezinbestekoa ez bada, etxetik ez irteteko agindu dute eta konfinamendua nola bizi duzuen jakin nahi dugu. Zer ari zarete egiten egunotan? Nola egin eramangarriagoa etxeko egonaldia? Ba al duzue gainerakoei bota nahi diezuen erronkarik, edo konfinamendua arinagoa egiteko proposamenik? Bidali zuen bideo eta argazkiak honako posta elektronikora edota gure whatsapp zenbakira:  elgoibarren.net@gmail.com  edota 688 634 044. Hona bi adibide:

Zer moduz zaudete? Zelan ari zarete pasatzen hau dena? BARRENek aukera eman nahi dizue barruak hustutzeko; elkarren berri izateko; elkar animatzeko; elkarrekin negar edo barre egiteko; jendea ikusteko; alkarrekin egoteko, azken finean elkarren beharra dugulako egoera honetatik irteteko. 

Mendaroko Garagartza auzoan, esate baterako, musika jarri eta dantzan eta ariketa fisikoa egiten ematen dute arratsaldea auzotarrek, nork bere etxetik, eta iluntzeko 20:00etan, gainerako herritarrekin batera, leiho eta balkoietara irteten dira osasungintzako langileei eskerrak ematera. Elgoibarren, musikari edo abeslari bat baino gehiago irten da azken egunetan etxeko balkoira edo leihora, eta udaltzainak ere batu ziren animoa goian mantentzeko ahalegin horretara. Konfinamendua betetzen ari dela ziurtatzeko egiten dituzten errondetako bat musika ozen jarrita egin zuten atzo iluntzean. Mikel Laboaren 'Txoria txori' abestia entzun zitekeen bozgorailuetatik. Hona hemen bi bideoak.  

∞Lotura duten albisteak: