Erabakiak elkarrekin hartu eta egoera okerrenean daudenei entzuteko unea dela uste du Elgoibarko EHbilduk

Barren.eus 2020ko mar. 20a, 10:07

Elgoibarko Udalak koronabirusaren eragin ekonomiak arintzeko hartutako neurri fiskalen harira, prentsa oharra kaleratu du Elgoibarko EHbilduk, eta esan dutenez, erabakiak elkarrekin hartzeko eta egoerarik okerrenean dauden herritarrei entzuteko momentua da. 

 EHbilduk esan du koronabirusaren krisiak herritar "guztioi" eragingo digula, eta euren ustez, egoera larrien aurrean erabaki ausartak hartu behar dira. Horregatik, elkarlanerako unea dela esan dute, beraien iritziz, "soilik denok batera atera gaitezkeelako arazo larri honetatik". Era berean, krisialdi honek egoera "zaurgarrienean" daudenak kolpatuko dituela gehien adierazi dute, eta horregatik administrazio publikoei eskatu diete pertsona eta kolektibo horiengan pentsatuz hartzeko neurriak, egoera ahalik eta eramangarriena egiten saiatzeko. 

Elgoibarko EHbildutik adierazi dute Udalarekin elkarlanean aritzeko prest daudela, eta gaineratu dute "poztu" egin direla koronabirusaren krisiaren aurrean Udalak hartu dituen neurri fiskalen barruan beraiek egindako proposamen batzuk aintzat hartu dituztelako. Hala ere, bestelako neurri batzuk ere hartu beharra ikusten dute, eta lan horretan laguntzeko prest daudela esan dute. Besteak beste, hartutako neurri horiez gain, Elgoibarko Udalak Krisi Mahaia eratu beharko lukeela diote, eta esan dute alkateari idatziz bidali diotela gutun bat ondorengoak eskatuz:

  • Arrisku handiena duten edo premia bereziak dituzten herritarren zaintza beharrei erantzuteko sortu den boluntario sarearen ardura hartzeko.
  • Zergen suspentsio edo atzeratzearen inguruko hausnarketa eta azterketa ekonomikoa, aurrerago behar diren erabakiak hartu ahal izateko.
  • Krisi honek familia, merkataritza establezimendu txiki eta ostalariei sor diezaiekeen galera ekonomikoei aurre egiteko diru-laguntzak abian jartzeko.

EHbildutik uste dute Krisi Mahai horretan Udalean ordezkaritza duten alderdi politiko guztiak egon behar direla, eta baita gizarte zerbitzuetako, berdintasuneko, babes zibileko, udaltzaingoko eta boluntarioen sareko ordezkariak, denen artean ahalik eta neurri adostuenak eta eraginkorrenak bideratu ahal izateko. Udal Gobernuak hartu dituen neurriak "hasiera baino ez direla" adierazi dute, eta Udal bezala beste neurri batzuk hartu behar direla, kolektibo kaltetuenekin elkarlanean, besteak beste, merkatariekin, ostalariekin, gizarte zerbitzuetako erabiltzaileekin... 

Azkenik, krisi honetan buru-belarri lanean ari diren kolektibo guztiei elkartasuna adierazi diete, bereziki ospitaletan arrisku pertsonala hartuz lan egiten ari diren osasungintzako profesionalei, eta baita atzo hil zen erizainaren familia eta lagunei.