Zuzenketa: Koronabirusaz kutsatuta egon daitekeelakoan berrogeialdian jarri dute herritar bat

Barren.eus 2020ko mar. 19a, 19:40

Goizean koronabirusa duen herritar bat berrogeialdian jarri dutela zabaldu dugu, Ertzaintzaren prentsa bulegoan egiaztatu ostean. Arratsaldean, baina, herritar horren senide batek ukatu egin du hala dela eta badaezpada berriz deitu dugu Ertzaintzara. Mezua beste bat da orain. Berrogeialdian jarri dute herritar hori, koronabirusaz kutsatua egoteko arriskua duelako.

Goizeko 11:30 aldera Ermuaranbide kaleko argazki eta bideoak jaso ditugu sare sozialen bidez, eta zer gertatu den jakin nahian Udaltzaingora deitu dugu. Haiek Ertzaintzara bideratu gaituzte, eta prentsa bulegotik esan digute pertsona bat berrogeialdian jartzera joan direla Ermuaranbide kalera, koronabirusaz kutsatuta zegoelako. Herritar horren ingurukoek sare sozialetan zabaldu dute hori ez dela egia. Horrela idatzi dute: "Nire ahizpak eskumuturra handituta dauka soilik, ez dauka koronabirus sintomarik ere, eta ez diote inolako probarik egin kutsatuta dagoen ziurtatzeko. Bere medikuari ejerzitoari deitzea bakarrik falta izan zaio". Hori irakurri ostean, berriz deitu dugu Ertzaintzara, eta arratsaldean beste mezu bat eman digute: Osasun Sailetik jaso dutela agindua pertsona hori berrogeialdian jartzeko, koronabirusaz kutsatuta egon daitekeenaren sintomak dituelako. 

∞Lotura duten albisteak: