Neurri fiskalak hartu ditu Udalak, koronabirusaren eragin ekonomikoa arintzeko

Barren.eus 2020ko mar. 19a, 15:00

Elgoibarko Udalak hainbat neurri fiskal jarri ditu martxan, koronabirusak herriko enpresa, autonomo eta herritarrei eragingo dizkien kalte ekonomikoak arintzeko asmoz.

 

Herritarren zerga karga arintzeko asmoz, ondorengo neurri fiskalak hartu ditu Elgoibarko Udalak: 

  • Jendearentzat itxita dauden bitartean, saltoki, taberna, kafetegi, jatetxe eta gainerako jarduera profesionalei hondakinak biltzeko tasarik ez zaie kobratuko. Ekainean ohiko kobrantzaren erdia ezarriko zaie.
  • Osasun krisiak irauten duen bitartean terrazak jartzeari dagokion tasa ere ez dute kobratuko. Kasu honetan ere, ekainean ohiko kobrantzaren erdia ezarriko zaie ostalariei.
  • Neurri bera aplikatuko zaio hainbat instalazio dituenari, espazio publikoaren okupazio tasarekin. Ekainean ohiko kobrantzaren erdia ezarriko zaie.
  • Udalaren emakidako tabernen alokairuen kobrantza eten dute.
  • Udal Kirol Patronatuaren abono kuotaren ordainketaren zati proportzionala itzuliko dute.
  • Irailaren 15era arte luzatuko da Ibilgailuen gaineko Zerga ordaintzeko epea.
  • Administrazio-epeak etenda geratzen dira, 463/2020 Errege Dekretuak jasotzen duen bezala.

Elgoibarko Udalak, beraz, kobrantza geldituko du salbuespenezko egoera honek iraun bitartean. Behin normaltasunera itzulita, data berriak eta zerga kontzeptuak kobratzeko egutegi berriaren berri emango du. Honez gain, udal eskumenen barruan eta egungo legedia errespetatuz, Elgoibarko Udala dagoeneko lanean ari da beste administrazio publikoekin, eragin ekonomikoari  elkarlanean erantzun eta neurri koordinatuak eta bateratuak hartzeko.