36 lagun hil dira Gipuzkoan, Araban eta Bizkaian koronabirusaren eraginez

Barren.eus 2020ko mar. 16a, 14:27

 

Covid19ren 97 kasu berri atzeman dira gaur, eta dagoeneko 727 lagun daude kutsatuta Gipuzkoan, Araban eta Bizkaian, eta horietatik 309 ospitalean ingresatuta daude. Hildako kopuruak ere gora egin du, eta dagoeneko 36 dira, atzo baino hamalau gehiago. Gipuzkoan 89 positibo zenbatu dituzte, eta horietatik 28 daude ingresatuta; Bizkaian 194 koronabirus kasu daude, eta 90 daude ospitalean, eta Araban berriz, 444 kasu eman dira, eta 191 lagun daude ospitalean. Hildakoen artean ere Araba da tasa altuena duena: 25 lagun hil dira Araban, sei Bizkaian eta bost Gipuzkoan. 

Egoera honen aurrean, osasun zentroetako hitzordu guztiak bertan behera utzi dituzte. Gaixo onkologikoen eta haurdun dauden emakumeen jarraipenak soilik mantenduko dira. 

Araban hiru zentro ireki dituzte Koronabirusaren sintomak dituzten herritarrak hartzeko, baina Gipuzkoan eta Bizkaian momentuz, koronabirus sintomak dituzten herritarrek 900 20 30 50 telefonora deitu behar dute. 

Osasun Sailak jakinarazi du lantalde profesionala indartzen ari direla, eta azken bi asteotan 18 langile berri hasi direla lanean osasun arloan. Era berean, ingreso gehien dituzten ospitaleen karga arintzeko hainbat planta ahalbidetuko dituzte eskualdeetako zenbait ospitaletan, Arrasatekoan eta Eibarkoan, esaterako. 

Berriz ere gogorarazi dute eskuak garbitzea, eztula egiterakoan ahoa estaltzea, eta jendearengandik metro eta erdiko distantzia gordetzea ezinbestekoak direla. Herritarren kolaborazioa eskatu dute.