Anbulatorioko aurrez aurreko zitak bertan behera utzi dituzte

Barren.eus 2020ko mar. 16a, 07:35

Gipuzikoako ESI guztiek, tartean Elgoibarko anbulatorioak, bertan behera utzi dituzte gaurtik aurrerako aurrez aurreko zita guztiak. Erabaki berbera hartu dute ospitaleek eta baita onkologikoak ere. Hitzorduren bat zuten herritarrei etxean geratzeko eskatu diete, osasun zentrotik haiekin harremanetan jarri arte.

 Ospitaleetan bertan behera geratzen dira kontsulta espezializatu, eguneko ospitale kirurgiko eta kirurgia programatu guztiak, kirurgia onkologikoa, Onkologia Medikoa, Onkologia Erradioterapikoa, Onkologia Hematologikoa eta Onkologia Pediatrikoa tratamenduan dauden gaixoen kontsultak izan ezik. Era berean, eguneko ospitale mediko eta onkologikoen eta abian diren erradioterapia-saioen jarduera mantentzen da.Osasun-zentroetako profesionalak hitzordua duten paziente guztiekin jarriko dira harremanetan, eta telefonoz erantzungo zaie. Osasun-arloko profesionalek telefonoz ebatziko dituzte beren kontsultak, eta, beharrezkoa bada, aurrez aurreko hitzordua ezarriko da zentroan. Premiazko odol-ateratzeak baino ez dira egingo, eta programatutako proba osagarri guztiak bertan behera utziko dira (elektrokardiogramak, espirometriak …). Programatutako sendaketak mantendu egingo dira, eta hitzartuta dauden erizaintzako beste prozedura batzuen kasuan, osasun-zentroaren deia jasoko dute herritarrek. Webgunetik telefono bidezko kontsultak bakarrik eskatu ahalko dira. 
Gogoratu dute, era berean, arnas sintomatologiarekin lotutako kontsulta-arrazoiren bat duten herritarrak telefonoz jar daitezkeela harremanetan Osasun Aholkuarekin (900 20 30 50) edo osasun zentroarekin.

∞Lotura duten albisteak: