Pasealekuetara edo mendira irten diren herritarrei etxera bueltatzeko agintzen ari da polizia

Barren.eus 2020ko mar. 15a, 13:02

Sallobente, Mintxeta edo bidegorrian pasiaran zebiltzan herritarrei etxera bueltatzeko eskatu diete gaur goizean udaltzainek eta ertzaintzek. Ildo berean, Elgoibarko Udaltzaingoa herri guztira ari da zabaltzen etxean gelditzeko mezua, udaltzaingoko ibilgailuetako bozgorailuetatik. "Alarma egoera dela-eta etxean gelditzeko eskatzen dizuegu", da zabaltzen diharduten mezua. Mendaroko Udalak ere bando berria zabaldu du gaur goizean ohartaraziz egoera benetan dela larria eta etxean gelditzeko eskatuz herritarrei. Herriko denda, taberna, komertzio eta gainerako espazio itxiak, lokalak eta elkarte gastronimoak, ixteko agindu du. Hala ere, atzorako ixteko erabakia hartua zuten askok. Era berean, adinekoei kalera ez irteteko agindu die, larrialdi kasuren bat izan ezean, eta jolas-parkeak eta aisialdi-guneak itxi egin ditu guztiz. 

Pedro Sanchez Espainiako presidenteak atzo ezarritako salbuespen neurriak barneratzen eta aplikatzen hasi dira herritarrak. Gutxi batzuk kirola egiten jarraitu arren, herritar gehienak arauak errespetatzen ari dira, eta oinarrizko jarduerak egiteko irten dira kalera: txakurrak atera, ogia edo egunkaria erosi... Hain justu, etxeko animalien inguruan Espainiako Gobernuak emandako neurriei buruzko informazioa zabaldu du Elgoibarko Udalak (ikus hemen)
Atzo okindegietara sartzeko ilaretan ikus zitezkeen prebentzio tarteak bikoiztu egin dituzte gaur herritarrek eta handiagoak ziren bata bestearekiko tarteak. 
Eguraldi eguzkitsua egin arren, eskatu bezala ez kalera irtetea erabaki dute askok. Jende asko ikus daiteke herriko balkoietan, eguzki izpiak aprobetxatuz. Mendaron, ezohiko irudiak ere ikusi ditugu auzo batzuetan. Atari osoko bizilagunak leihora irten eta elkarrekin solasean aritu dira goizez, eta isolamendua ahalik eta modu eramangarrienean pasatzeko musika jarri eta terrazetan dantzan ibili direnak ere izan dira. 

2020 03 15 koronabirus elgoibar ogia2

2020 03 15 koronabirus elgoibar ogia

2020 03 15 koronabirus elgoibar ogia3

2020 03 15 koronabirus elgoibar txakurra mintxeta

2020 03 15 koronabirus elgoibar sallobente

2020 03 15 okindegian koronabirusa

2020 03 15 koronabirusa okindegia Mendaro

2020 03 15 koronabirusa peorak

∞Lotura duten albisteak: