Kaleak erdi hutsik Elgoibarren eta Mendaron ere

Barren.eus 2020ko mar. 14a, 15:34

Koronabirusaren hedapena saihesteko neurriak indarrean sartu ostean, ezhoiko itxura hartu dute kaleek gaur goizean eta jende gutxi ikus zitekeen Elgoibar eta Mendaroko kale, parke, lantoki edo tabernetan. Supermerkatuetan batu da jende gehiena.

2020 03 14 koronabirusa elgoibar eroski eskularruakEusko Jaurlaritzak ostaralitza jarduera oro ixteko agindua eman du. Iñigo Urkullu lehendakariak jakinarazi ditu neurri berriak 13:30ean eman duen agerraldian. Agerraldiaren aurretik taberna gehienak zabalik zeuden Elgoibarren. Beste taberna batzuk itxita zeuden eta oharrak zituzten jarrita atean, "herritarrenganako elkartasuna dela-eta" itxi dutela azalduz. Edonola ere apenas zebilen jenderik tabernetan zein horietako batzuen terrazetan (hona hemen Elgoibarko eta Mendaroko kaleetan, 11:30etatik 13:00etara ateratako argazkiak). Eguraldiak lagunduta jende dezente atera da kalera, baina erosketak egitera irten dira gehienak. Izan ere, agintariek lasaitasun mezuak zabaldu dituzten arren, supermerkatuetan ilara luzeak ageri diren bideoak zabaltzen ari dira sare sozialetan, -Zarautzeko Eroskikoa tartean-, baina Elgoibarren ez da ikusi halakorik, nahiz eta pilatu den jenderik supermerkatu handienetako sarreretan, irekitzerako orduan. Dendetan ere hartu dituzte koronabirusaren aurkako neurriak, Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak hala gomendatuta. Eroskin, esaterako, langile bat jarri dute sarreran sartzen ziren bezero guztiei plastikozko eskularruak emateko, eta sartzen ari ziren lagunak zenbatzeko, aldi berean jende gehiegi ez pilatzeko. 

2020 03 14 koronabirusa elgoibar ogia ilara

 • Herritar guztientzako konfinamemdua

Herriko parke eta jolaslekuak hutsik zeuden, oso ume gutxi zebiltzan kalean. Eibarren koronabirusaren lehen kasuak baieztatu ditu Udalak, eta besteak beste, Eibarko haur-parke guztiak prezintatzea erabaki dute, pertsona asko biltzen diren tokiak direlako. Eta ildo beretik joango dira etorriko diren erabaki berriak ere, Espainiako Gobernuak herritarren zirkulazioa mugatuko baitu astelehenetik aurrera. "Erabilera publikoko bideetatik" zortzi kasutan bakarrik ibili ahal izango dute pertsonek: elikagaiak erosteko, sendagaiak erosteko eta oinarrizko beharretarako den zerbait erosteko, adibidez. Osasun zentroetara joateko, lanera joateko, lana bera burutzeko eta etxera itzultzeko ere irten ahal izango da kalera. Baita adinekoak, adin-txikikoak, menpekotasunen bat dutenak zein bereziki ahulak direnak zaintzeko ere.

 • Mendaro, hutsik
 Motxaila Eguna ospatzekoa zuten gaur Mendaron, jai handia, baina festa girorik ez zen gaur inondik inora Mendaron. Koronabirusaren eraginez, kalea hutsik topatu dugu gaur goiz osoan. Herriko Enparantzan ume banakaren bat baino ez dugu ikusi eta parkeak hutsik zeuden. Saltoki eta tabernetako leihoetan, udaletxeko atarian eta herriko iragarki-paneletan bandoa esegi du Mendaroko Udalak. Udal zerbitzu eta ekipamendu guztiak gutxienez hamabost egunez itxita egongo direla jakinarazi du Udalak bando bidez. Erabakiak ondorengoei eragiten die: Lagun Betikoak jubilatuen egoitzari, Eguneko Zentroari, Udal Liburutegiari, San Agustin Kulturguneari,  Ludotekari, Gaztelekuari eta KZguneari, Azpilgoetako Kultur Etxeari, Goñati pilotalekuko instalazioei eta Andonegikuako padel-kantxari. Atzotik itxita daude denak.

2020 03 14 koronabirusa mendaro

Tabernetako terrazak ere hutsik zeuden eguerdi aldera, eta Herriko Enparantzako bi tabernek ixtea erabaki dute, koronabirusari aurre egiteko neurri gisa. Dendetan ere hartu dituzte neurriak. Eskularruak jantzita ikusi ditugu hainbat dendari, eta gel desinfektatzaileak ere ikusi ditugu erakusmahaietan. Izan da, ordutegia murriztu duen dendarik ere. Hala egin dute, esaterako, Elkar supermerkatuan [Coviran] eta Puxika goxoki-dendan. Puxikako sarrerako oharrak honela zioen gaur goizean: "Puxika itxita egongo da igande eta jaiegunetan izan ezik". Coviranek, aldiz, astelehenetik aurrera goizez bakarrik zabalduko duela ohartarazi die bezeroei. Era berean, denda barrura gehienez lau lagun sartu ahal izango dira gaurtik, eta gainerakoek kanpoan itxaron beharko dute ilaran, batetik besterako segurtasun neurriak errespetatuta. "Koronabirusa ahalik eta gutxien zabaltzea ezinbestekoa dela ulertuta, eta osasun sistema ez kolapsatzea denon eginbeharra delakoan, dendaren ordutegia murriztea erabaki dugu. Gaurtik, goizez bakarrik zabalduko dugu. Era berean, eta koronabirusak edadeko pertsonei eragiten dienez gehien, gure bezero edadetuei etxeraino eramango dizkiegu erosketak, hala eskatuz gero", zabaldu du sare sozialen bidez. Supermerkatuetan besteko sartu-irtenik izaten ez den komertzioetan ere, dela arraindegian, harategian edota herriko jantzi dendan, ari dira Osasun Sailak emandako higiene gomendioak zaintzen, bai eta distantzia-tarteak ere. Era berean, Aizpe eta Bustinalde gastronomia elkarteak itxita daude goizean goizetik. Atzo eman zuten ixteko erabakien berri. Nolanahi ere, zabalik gelditzen ziren beste bi elkarteek ere itxi egin beharko dute gaur, hala agindu duelako Jaurlaritzak orain ordu bi eskas. 

2020 03 14 koronabirusa mendaro enparantza