Enpresetan ere hasi dira koronabirusari aurre egiteko neurriak zorrozten, Danobaten esaterako

Barren.eus 2020ko mar. 12a, 16:48

Osasun Sailak egindako gomendioak zabaldu dituzte Danobaten langileen artean, eta enpresan higiene-kontuak zaintzeko bitartekoak jartzeaz gain, bestelako neurriak ere hartu dituzte. Astelehenetik aurrera, gainera, badaezpadako neurriak zorroztu egingo dituzte.

 Osasun Sailak zabaldutako gomendioen berri eman die zuzendaritzak langileei eta lanera joan aurretik etxean tenperatura hartzeko ere eskatu diete sukarrik ez dutela egiaztatzeko. Higiene-gomendioak zaintzeko, berriz, gel desinfektatzaileak jarri dituzte bilera-gela eta abarretan. Era berean, Gasteizkoak diren langile guztiei etxean gelditzeko agindu diete, eta atzerrian dauden langileak “ahal den neurrian” etxeratzen saiatuko direla jakinarazi dute. Era berean, lanaldi jarraiaren alde egingo dute astelehenetik aurrera eta enpresako jangela itxi egingo dute, jende asko pilatzen den lekuetan sor daitezkeen arriskuak saihesteko. Bestalde, Danobatera datozen garraiolari, banatzaile eta bisitariei tenperatura hartuko diete sarreran. 

Batzorde berezi bat ere sortu dute, koronabirusaren gainean hartu beharreko neurri berriak aztertzeko eta birusaren kontrako neurriek langileei eragin diezaieketen trabei konponbidea ematen saiatzeko. Kontseilu errektoreko eta zuzentzaritza kontseiluko kideek osatzen dute batzorde hori eta egunero batzen dira, unean-uneko informazioaren arabera neurriak hartzeko. Batzorde horretan aztertuko dituzte, esaterako, kanpora egin beharreko bidaiak eta jaso beharreko bisitan, eta “ezinbestekoak” ez diren guztiak atzeratu egingo dituztela jakinarazi du Cesar Arriola lehendakariak.