Arratsalderako deituta zegoen elkarretaratzea bertan behera utzi dute

Barren.eus 2020ko mar. 12a, 16:29

Elgoibarko Udalak hainbat neurri hartu ditu Koronabirusari aurre egiteko, eta horien artean gaur arratsalderako deituta zegoen elkarretaratzea bertan behera lagatzea erabaki dute. Mendaron kazerolada egin behar zuten Herriko enparantzan, eta bakoitzak bere etxeko leihotik egiteko erabakia hartu dute, 20:00etatik aurrera. 

 Orain arte hartu diren neurriez gain, beste zenbait erabaki ere jakinarazi ditu Elgoibarko Udalak, koronabirusaren prebentziorako. Hauek dira momentuz hartu dituzten erabakiak: 

  • Martxoaren 14an jokatu behar zen Emakume Master Cup txapelketa bertan behera geratzen da.
  • Aste honetan Elgoibarko gazteen artean lanbide heziketa eta industria bultzatzeko martxan jarritako Ekiten Tailerrak bertan behera geratu dira.
  • Bigarren Eskuko Merkatua bertan behera geratu da.
  • Jubilatuen Biltokia eta Altzolako lokala itxiko dira.  
  • Gaur arratsaldeko elkarretaratzea ere (Abanto Zierbenako hilketa bikoitza gaitzesteko) bertan behera geratu da.
Udaletik barkamena eskatu dute erabaki hauek herritarrengan sor ditzaketen eragozpenengatik, eta bizilagunen laguntza eta arreta eskertu dute. 

Era berean, jakinarazi dute udaletxea zabalik egongo dela. Hala ere, herritarrei gomendatu diete, posible den heinean, beharrezko gestioak telematikoki egiteko. Horretarako elgoibar.eus  udal web orria, arreta@elgoibar.eus  helbide elektronikoa edo 943 741 050 telefonoa erabili daitezke.