Abantoko bi emakumeen hilketa matxistak salatzeko elkarretaratzeak egingo dituzte gaur arratsaldean

Barren.eus 2020ko mar. 12a, 12:05

Elgoibarko Emakumeen Kontseiluak eta Udalak elkarretaratzea deitu dute gaurko, Abanto Zierbenako hilketa matxista bikoitza gaitzesteko. Mendaron lapikotze jotzea antolatu du Tratu Onen Aldeko Taldeak.

Elgoibarren Kalegoen plazan egingo dute elkarretaratzea, 19:30ean. "Herritar guztiei dei berezia egiten diegu kontzentrazioan parte har dezaten", adierazi dute deitzaileek. Era berean, Elgoibarko Udalak bat egin du Euskadiko Udalen Elkarteak (EUDEL) egindako gaitzespen adierazpenarekin

Mendaroko Tratu Onen Taldeak ere antolatu du hilketak salatzeko ekitaldia. Lapiko jotzea egingo dute Herriko Enparantzan, 20:00etan. Tratu Onen Taldekoek jakinarazi dutenez, 27 emakume hil dituzte 2020an indarkeria matxistaren eraginez. Azken bi hilketak Abanton (Bizkaia) gertatu ziren, Sanfuentes auzoan. Bertako etxebizitza batean aurkitu zituzten hilda 54 eta 24 urteko bi emakume, labankadekin, atzo eguerdian. Emaztea eta alaba hiltzea leporatuta atzo arratsaldean atxilotu zuten 60 urteko gizonezko bat Portugaleten.