Koronabirusari aurre egiteko neurriak eman ditu Jaurlaritzako Osasun Sailak

Barren.eus 2020ko mar. 10a, 15:38

Covid-19ari aurre egiteko Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak neurri berriak hartzeko eskatu du, eta Elgoibarrera eta Mendarora ere ailegatu dira koronabirusaren kontrako protokoloak.

 Osakidetzak jakinarazi du protokoloa etengabe berrikusten ari direla, koronabirus berriak (SARS-CoV-2) eragindako infekzioari buruzko informazio eguneratuaren eta eboluzioaren arabera. Erantzukizunez jokatzeko eskatu diete herritar guztiei, neurri txiki batzuk hartuta kutsatzea ekidin daitekeela gogoraraziz. Eta adinekoak eta gaixotasun kronikoak dituztenak, hau da, arrisku handiena duten kolektiboak gogoan izateko eskatu dute. Osasun Sailean eta Osakidetzan konfiantza izateko ere adierazi dute, neurriak hartzen dabiltzalako eta koronabirusaren gainean daudelako.

Osasun Aholkularitza Zerbitzuko telefonoa
Duela egun batzuetatik, koronabirus kasuetarako protokoloa ezarrita du Osakidetzak. Sukarra, eztula edo aire-falta sentipena gisako sintomak izanez gero, etxean edo ostatuan gelditzea eta Osasun Aholkularitza Zerbitzuarekin (900-20 30 50 telefonoa) harremanetan jartzea aholkatu du erakundeak.

Eskoletan eta enpresetan neurriak
Joan zen astean Gipuzkoako Foru Aldundiak nagusien 135 egoitza eta zentrori helarazi zien Osakidetzak diseinatutako protokoloa, tartean San Lazaro egoitzari, eta protokoloa martxan dutela jakinarazi dute. Mendaroko ospitalean ere aktibatuta dute protokoloa, eta besteak beste, gaixoak ezin dira euren logeletatik irten eta bisita kopurua mugatuta dute. Eskoletan eta enpresetan ere hasi dira koronabirusari buruzko informazio ematen ikasle eta langileei, eta hartu beharreko gutxieneko neurriak azaldu dizkiete. Umeek, esate baterako, ikastetxera joan aurretik gorputzeko tenperatura hartu beharko dute, eta 37 gradu izanez gero, etxean geratu beharko dute. Iñaki Berraondo Osasun sailburuordeak azaldu duenez, neurria hartzearen arrazoiak bi izan dira; bata, pertsona nagusiak babestea, eta bestea, azken egunetako igoera etetea. Haurrak, gune itxietan egoten direnez, "kutsatzeko aukera gehiago" dituzte, eta ondorioz birusa pertsona nagusiengana errazago helarazi dezakete. Bat-batean pertsona asko gaixotuko balira, osasun sistemak "ezingo lioke egoerari behar bezala aurre egin". Gaineratu duenez, pasa den barikutik hona eman den koronabirus kasuen igoerak eragin du atzo hartutako neurria. Dagoeneko Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan 148 kasu positibo atzeman dira, horietatik hiru adinez txikikoak dira; hirurak Gasteiz ingurukoak. Hala ere, sailburuordeak gogorarazi du, haurrek, normalean, sintoma arinekin pasatzen dutela koronabirusa, eta ez daudela "beldurtuta" eskola adinean dauden neska-mutilengatik.
Elgoibarko Udalak ere zabaldu ditu Koronabirusa prebenitzeko Osakidetzak emandako gomendioak, eta eraikin publikoetako sarreretan zintzilikatu ditu ohar orriak. Hauek dira zabaldu dituzten gomendioak: Eskuak sarritan garbitzeko, eztul edo doministiku egiterakoan ahoa ukondoarekin edo zapiarekin estaltzeko, eta segidan zapi hori zakarrontzira bota eta eskuak ondo garbitzeko; eztul eta doministiku egiten duten edo sukarra duten pertsonengandik gutxienez metro bateko distantzia gordetzeko; sudurra eta begiak eskuekin ez ukitzeko eta etxean edo leku publikoetan eskuekin ukitzen diren gainazalak sarriago garbitzeko.
• Maskarak agortuta farmazietan
Elgoibarko farmazietan agortuta daude maskarak, Gipuzkoa osoko farmaziekin gertatzen ari den modu bertsuan. Gel esterilizatzaileak ere berehala agortzen zaizkiela jakinarazi du herriko farmazia bateko arduradunak, baina gehiago ekartzeko aukera dutela horiekin, maskarekin ez bezala.