Elena Urigoitiak urte asko eman ditu Elgoibartik kanpora, baina bere bizitzak sorterrirako norabidea hartu zuen berriro. Gaur egun emakumeekin egiten du lan, eta herriz herri ibiltzen da baita ere hitzaldiak eta tailerrak ematen. Beldurrak gainditzen laguntzen die, beraiengan sinisten, beraien burua onartzen eta maitatzen. Bere tailerrei buruzko informazio guztia www.mujeresconectandoconsuesencia.com blogean aurkituko duzue.
• Emakumeak ahalduntzen egiten duzu lan. Zeintzuk dira gaur egun emakumearen arazo nagusiak?
Konfiantza falta, gai ez dela sentitzea, ikusia izateko beldurra, merezi ez duela sentitzea... Niregana etortzen diren asko konfundituta etortzen dira, kulpa sentimendua dute, lanean ez dira baloratuak sentitzen, bikotekidearekin edo seme-alabekin arazoak dituzte, atsekabetuta, frustatuak eta haserre sentitzen dira...
• Noiz eta nola hasi zinen emakumeen esparruan lanean?
Bartzelonan bizi izan nintzen urte askoan, eta esportazioan lan egiten nuen enpresa batean. Baina lan hura ez zen nik uste nuena. Gizonezkoen mundua zen, eta emakumea erabat gutxietsita zegoen. Ardura postuetan gizonak zeuden, eta gure soldata baxuagoa zen. Lan hura ez zen niretzat eta utzi egin nuen. Gizarte Langile ikasketak egin nituen, eta gero genero indarkeriarekin lotutako gradua ere ikasi nuen. Ama izan nintzen han, eta aitortzen dut niretzako amatasuna oso esperientzia polita izan zela, baina ez nuen nahi mugatu nire bizitza ama izatera soilik. Gu bizi ginen inguruan horixe zen emakumearen papera, ama eta etxekoandre izatea, soldata gizonak ekartzen zuen etxera. Bizimodu hori berdintasunaren kontra doa erabat, dirua delako jaun eta jabe, eta horrek gizonari ematen diolako agintea. Nik ez nuen nahi hori niretzat. Umea txikia zenean banatu egin nintzen, eta berriz itzuli nintzen Euskal Herrira. Lan bila hasi nintzen, eta lehenengo Gobernuz Kanpoko Erakunde batekin jardun nintzen lanean Bilbon, bizitzarako beharrezkoak diren abileziak erakusten gurasoei eta irakasleei. Gero droga-mendekotasun teknikaria izan nintzen Ordiziako Udalean, gero gizarte langile izan nintzen eta ondoren tratu txarrak jasan dituzten emakumeentzako harrera etxe batera iritsi nintzen. Hamar urtez egon nintzen han, eta gai honi buruz neukan pertzepzioa erabat aldatu zitzaidan. Han konturatu nintzen emakumeak ez badu biktima sentimendua gainetik kentzen, sekula ez diola utziko biktima izateari, bere identitate bihurtzen delako.
• Zertan aldatu zen zure ikuspegia?
Tratu txarren inguruan Beberen Malo eres kanta abesten nuen lau haizetara eta horrekin identifikatzen nintzen. Baina konturatu nintzen emakumeok ez genuela ezer lortuko gizonaren kontra eginez. Konturatu nintzen kanpoan bilatzen genuen hori gure barruan aurkitu behar genuela. Maitasuna, lasaitasuna, balorazioa, errekonozimendua... Emakumeok sekulako indarra daukagu, eta sufrimenduari aurre egiteko kemena eta baliabideak dauzkagu. Geure burua zaindu behar dugu. Garenarekin konektatu eta gugan sinistu behar dugu. Gu ez gara biktimak. Historikoki biktima izan gara askotan, baina hori gainditu eta gu geu garenarekin konektatu behar dugu, guganako baldintzarik gabeko maitasuna garatuz.
• Eta, zer gara gu?
Hori deskubritzea da bizitzako bidaia. Gure burua ondo tratatzen ikasten dugunean, edozein tratu txarren aurrean ezetz esateko gai izango gara. Emakumeoi kosta egiten zaigu denbora eta espazio propioak hartzea geure buruak zaintzeko, familiako gainerakoen eta senideez diren beste askoren beharrak geureen aurretik jartzen ditugulako beti. Emakumeen tailerrak oso garrantzitsuak dira hori dena lantzeko, espazio seguruak dira, gure “ahultasunak” epaitu gabe onartzeko. Gertatzen zaigun hori edo sentitzen dugun hori beste emakume batengan ikusten dugunean, edo beste emakume batek guk nekez kontatuko genukeen hori ahots goran kontatzen duenean edota normalean baztertzen ditugun geure ezaugarriak partekatzen ditugunean beste emakumeekin, gure barrua lasaitu egiten da eta sendatzen hasten gara. Konexio sakona sentitzen hasten gara eta bakarrik ez gaudela sentiarazten digu horrek. Elkarrekin indartsuagoak gara emakumeak bakarrik baino. Elkarri ulertu eta laguntzen diogunean indartsu egiten gara.
Elkarrizketa osorik BARREN aldizkariko 1151. zenbakian -PDF-