Otsailaren 27an hasiko da Errigoraren kanpaina berria

Barren.eus 2020ko ots. 26a, 18:44

Eguen honetan, otsailaren 27an zabalduko du Errigorak Nafar hegoaldeko uzta eskutik eskura kanpainaren edizio berria. Nafarroa hegoaldeko oliba-olio birjina, kontserba-sortak, arroza eta pasta eskainiko ditu, euskaraz etiketatuta eta ekoizleek saltzen duten prezioan.

Errigoraren kanpainan batzen duten diruaren parte bat Nafarroa hegoaldeko euskalgintzarentzat izango da, beti bezala. Otsailaren 27tik martxoaren 12ra arteko epea izango da eskaerak egiteko, Errigoraren webgunearen bidez: www.errigora.eus

Kanpaina honetako eskaintzaren barruan honako produktu hauek egongo dira aukeran: oliba-olio birjina estra, pikillo piperrak, zainzuri zuriak, orburuak, barazki-menestra, tomate frijitua, arroza, potxak, barazki-kremak eta pasta. Aurtengo kanpainan 16 ekoizlek hartuko dute parte: Nafarroa hegoalde eta erdialde zabaleko bost olio-errotak, bederatzi kontserba-etxek eta arroz-ekoizle eta pastagile banak. Urtez urte, kontsumitzaileen kopuruarekin batera, ekoizleen familia ere haziz doa.

'Gure hautuez harro' da aurtengo kanpainaren leloa. "Harro baikaude gure ekoizteko eraz, gure kontsumitzeko eraz, herria egiteko eraz", adierazi dute Errigorakoek.