Emakumeen Nazioarteko Egunaren harira, hogei bat ekintzaz osatutako egitaraua prestatu du Udalak

Barren.eus 2020ko ots. 26a, 09:01

Elgoibarko Udaleko Berdintasun Sailak, herriko elkarte eta taldeekin elkarlanean, otsailaren 28an hasi eta martxoaren 23ra arte luzatuko diren ekintza ugari antolatu ditu, martxoaren 8aren harira.


Martxoaren 8a, emakumeen eskubideen aldeko borroka ezberdinak gogoratzeko zein eskubide horiek betetzea eskatzeko erabiltzen den eguna dela gogora ekarri du Elgoibarko Udalak. "Emakume eta gizonen arteko berdintasun erreala aldarrikatzeko baliatu nahi dugu beste behin, eta egitarau honek, ikuspuntu ezberdinetik eta askotariko ekitaldien bidez, horixe dauka helburu", adierazi dute prestatu duten egitarauaren inguruan. Hogei ekitaldi inguru antolatu dituzte, besteak beste, emakumeen boteretzea helburu duten ekintzak, indarkeria sexista salatzea helburu dutenak, espazio publikoa eurenganatzea asmo dutenak, estereotipo eta rolak eraldatzea helburu dutenak. Nabarmentzekoak dira, besteak beste, Elgoibarko emakume eta neska kirolarien argazki erakusketa, eskulan saioak, hitzaldiak sexualitatearen inguruan, ipuin-kontalariak, mahainguruak, zinea, autodefentsa tailerrak, emakumeentzako bazkaria eta dantza saioa, eskuz binakako pilota txapelketa, martxoaren 8ko ohiko martxa morea eta elkarretaratzea, e.a.

Berritasun moduan, herritarrak dantzan jarri nahi dituen ekitaldia ere antolatu du Udalak. Martxoaren 8an, 14:00etan egingo dute dantza saioa Kalegoen plazan. Huntza taldearen 'Zer izan' abesti feministaren koreografia dantzatuko dute. Biraka dantza elkarteak sortu du koreografia eta bideo bat zabaldu dute koreografia ikasteko (Udalaren Youtubeko kanalean dago https://youtu.be/4BMCl6Ya-ic )
Hala, Elgoibarko Udalak, bereziki martxoaren 8an Kalegoen plazatik 13:30ean abiatuko den martxa morean, 14:00etako elkarretaratzean eta ondoren egingo den dantza saioan parte hartzera deitu ditu herritarrak.

Hona hemen egitarau osoa Udalak egin duen kartelean:

2020 02 26 egitaraua kartela martxoak8 elgoibar udala

∞Lotura duten albisteak: