Zabor artean, argi bila

Barren.eus 2020ko ots. 21a, 11:01

Eitzagako (Zaldibar) zabortegiari lotutako albisteek egonezina eta haserrea sortu dute bazterretan, eta kezka handitu egin da joan zen barikuaz geroztik. Elgoibarreraino ere ailegatu da kezka, eta egon daitezkeen kezka guzti horiek argitzen saiatu da BARREN aldizkaria, aste honetako alean, eta zabortegian gertatutako luizian kaltetuetako bat den Aitor Olaetxea ere elkarrizketatu du.

Zabortegi inguruan otsailaren 9an egin zituzten aire-neurketen emaitzak eman zituen Osasun Sailak eta esan zuen normala baino 40-50 aldiz dioxina eta furano kontzentrazio handiagoa neurtu zutela. Lasai egoteko eskatu zuten hala ere Osasun Sailetik, baina, aldi berean, prebentzio neurriak hartzeko eskatu zieten Ermuko, Eibarko eta Zaldibarko herritarrei. Eskatu zieten etxeak ahal bada ez egurasteko, gauez batez ere leihorik ez zabaltzeko eta aire librean ariketa fisikoa egitea saihesteko. Eskola Kiroleko ekitaldiak bertan behera laga zituzten asteburuan, bai eta Eibar-Real Lehen Mailako partida atzeratu ere. Herritar asko ez daude lasai, eta kezka Elgoibarren ere suma daiteke. Horren adibide da atzo egin zen manifestazioa. Eibartik bost kilometrora gaude, Eitzagatik 10 kilometrora, baina Osasun Sailak zehaztutako badaezpadako perimetrotik kanpo. Argi bila, Udalean eta Mendaroko ospitalean galdetu dugu, eta galdekatuko ditugu EHUko irakasle eta ikertzaile zenbait ere. Ospitaletik Osasun Sailera bideratu gaituzte eta Udaletik lasaitasun mezua zabaldu du Ane Beitia alkateak. Osasun Sailarekin “hartueman estua” dutela nabarmendu du, eta zerbait balitz, berehala ohartaziko lituzketela herritarrak. Adituak, berriz, bat datoz gauza batean: sortu den alarma “gehiegizkoa “dela, baina “logikoa” eta “ulergarria” ere bai, informazio asko zabaldu delako, “nahasian".

Ondoren irakur dezakezuen erreportajean jasota ez dagoena da atzo Osasun Sailak zuhurtzia printzipioa aplikatzeari laga ziola, eta horren ostean, gauean, berriro sua piztu zela zabortegian. Jaurlaritzak babes neurriak berriz hartzeko esan du, baina zabortegiaren inguruko auzoan bakarrik. Era berean, adierazi dute normala dela datozen egunetan halako suteak gertatzea. 

Irakurri erreportajea hemen: Zabor artean, argi bila (BARREN 1149. zenbakia -PDF-)

2020 02 20 manifeztazioa zaldibar argitu