Moana War: “Patriarkatua habetzen du prostituzioak eta denoi dagokigu kontra egitea”

Barren.eus 2020ko ots. 14a, 11:01

Euskal Herriko Mugimendu Abolizionistako kidea da Jone Gurrutxaga (Mendaro, 1968). Irailean aurkeztu zuten mugimendua, Bilbon, eta aurkezpenean Hego Euskal Herriko hainbat talde feministak parte hartu zuten, tartean Lanbroa, Betaurreko Moreak, Terapia eta Generoa taldeetako eta Nafarroako Plataformako kideek. Prostituzioa “sexualitate maskulinoaren eredu bortitz eta misoginoaren ondorio” dela diote abolizionistek, eta prostituzioaren kontra ez ezik, pornografiaren eta alokairuko sabelen kontra ere egiten dute. Abolizionismoaz hitz egiteko deitu dugu Gurrutxaga gurera. Ez da bakarrik etorri. Lucia Nieto (1993), Begoña Ferro (1970), Sara Bergaretxe (1971) eta Moana War (1980) plataformakideak etorri dira hitzordura. Moana Warrek, baina, nahiago izan du gordean mantendu eta horregatik ez da ageri argazkian. War luxuzko prostituzioan aritu zen hamar urtez. Oharra: Facebook, Twitter eta Instagram bidez jar daiteke Euskal Herriko Mugimendu Abolizionistarekin harremanetan.

 • Zerk eraman zintuzten batzera?
Jone G.: Prostituzioaren gaia mahai gainean jartzeko beharrak, gizartea kontzientziatzeko beharrak.  Jendarte honek ezin du ezikusiarena egiten jarraitu matxismoa, pobrezia eta arrazismoa gurutzatzen diren errealitate baten aurrean. Ezin diegu esan herrialde pobreetako emakumeei herrialde aberatsetako gizonen sexunahiak asetzea dela euren patua. Estatu espainiarra Europako Batasuneko lehen postuan dago emakumeen sexu esplotazioari dagokionez, eta munduko hirugarrena da. Zenbait iturriren arabera, estatu espainiarrean ehun mila emakume prostituitzen dira gaur, eta munduan prostituzio-etxe gehien dituen bigarren herrialdea da.  Prostituzioaren negozioak bost milioi euro mugitzen ditu egunero estatu espainiarrean. Milioiak mugitzen dituzten mafiez ari gara hizketan, gizonen eskaerak asetzeko gero eta emakume gazteagoak behar dituzten botere handiko mafiez. Eta eskari horri ez diote beren borondatez prostituzioan ari diren emakumeekin.

 • Azalduguzue. Zer da abolitzea?
Sara: Abolitzea estrategiak definitzea da prostituzioa gure gizartetik desager dadin. Ez da prostituzioa debekatzea edo prostituzioan ari diren emakumeak zigortzea. Gure ustez, prostituzioa abolitzeko funtsezkoa da gizarte patriarkal honen sexualitate eredua berrikustea, gizarte batek ezin baitu berdintasunezkoa izan gizonek emakumeen gorputza eros badezakete. Prostituzioan ari diren emakumeak muturreko indarkeria matxistaren biktima dira, eta erreparazioa merezi dute.
Lucia: Gure plataformak prostituzioa amaitu nahi du, baina baita pornografia eta umetokien alokairua ere, emakumeen gorputzak merkantzia gisa erabiltzearen adierazpen muturrekoak direlako. Interneten diru gehien mugitzen duen negozioa da pornografia. Pornografia-orrialdeetan bideorik ikusiena taldean egindako bortxaketa batekoa da. Pentsa! Hezkuntza afektibo-sexual onik ez dago gurean, eta pornografia da gure gazteentzat sexura gerturatzeko bidea. Bestalde, sabelak alokatzea debekatuta dago estatuan, baina familia askok atzerrira jotzen dute baliabide gutxi dituzten emakumeen gorputza erostera. Giza trafikoaren aldaera modernoa da.

 • Ez du borroka erraza ematen zuenak.
Begoña: Badakigu ez dela erraza. Gizartea sentsibilizatu behar dugu aurrena. Herritarrek jakin behar dute zein egoeratan dauden emakume hauek, zelako eskubide urraketak ematen diren, zeinek eusten dion negozio honi eta zertarako. Kontzientzia hartu behar dugu, eta legeak egin. Elkarte feminista batzuk ari dira lege proiektu abolizionista lantzen hemen ere, eta badaude tipo horretako legeak sortu dituzten herrialdeak ere. Prostituzioa erregulatzea ez da inondik inora kontra egitea.

 • Zuek aurkezpena egin eta gutxira Euskal Herriko Mugimendu Feministak oharra kaleratu zuen esanez zuen mugimendu hau ez zela zuzenean eurenetik sortu. Oharrean zioten jakitun zirela prostituzioa historikoki mugimendu feministaren korapilo handienetakoa izan dela, baina hala ere, eztabaida hau modu bitarrean baino era konplexuagoan ulertzeko lana egiten dihardutela. Zer diozue?
Begoña: Uste dugu ideologikoki gugandik aldentzeko beharrak eraman dituela adierazpen horiek egitera, baina onartzen ez duguna da esatea ez garela mugimendu feministako kide, ez baita egia.  Ni neu Lanbroa taldekoa naiz, eta 2000. urteaz geroztik ari gara gu prostituzioa abolitzeko eskatzen. Mugimendu feministaren barruan ikuskera ezberdinekoak gaude, baina gure plataforma ere mugimendu feministatik sortutakoa da. Plataformakide guztiok gara kontzientzia feminista handikoak, bestela nekez izan daitekeelako abolizionista. Patriarkatua zer den jakitea eta emakume eta gizonen arteko botere harreman desorekatuaren kontzientzia izatea ezinbestekoa da garbi izateko zein sexualitate ereduren kontra ari garen borrokan. Nolanahi ere, egia da mugimendu feministaren barruan badaudela bestela pentsatzen dutenak  eta eztabaida handia dagoela, ziurrenik feminismoa ez diren ideologiak nahasten direlako eta eztabaida zikintzen dutelako. Ez gara marko ideologiko beretik ari analisia egiten eta horrek nahasmendu handia dakar.

 • Erregulatu ala abolitzeaz aparte zer beste aukerarik dago?
Lucia: Daukagun hau, baina bistan da daukaguna inork ez duela nahi. Prostituzioaren historia eta munduan gertatu dena aztertzea ezinbestekoa da eztabaidan hasteko. Herrialde batzuetan urteak daramatzate prostituzioa arautzen eta ikusi da ez direla helburuak lortu. 2013ko datuen arabera, Amsterdamen prostituzioan aritzen ziren 30.000 emakumetatik 800ek erregularizatu dute beren egoera eta Gobernuak ez du lortu kobratu nahi zituen zergak kobratzea. Gauza bakarra lortu dute: negozioa -legezkoa nahiz legez kanpokoa- indartzea.

 • “Prostituzion aritzen diren guztiak ez dira gizakien salerosketaren biktima. Gizakiaren salerosketa kontzeptua bera oso europarra da. Prostituzioan aritzen diren emakume migrante askok badakite zertara datozen, nahiz beti ez dakiten zein baldintzetan jardungo diren”, esan zuen Norma Vazquez Sortzen aholkularitza zerbitzuko buruak orain hurrengo hemen.
Moana: Prostituzioan ari direnak euren gogoz ari diren kontu hori mitoa dela. Asmo bakarra ikusten dut nik afirmazio horren atzean: prostituzioa ez dela gure arazoa esan nahi bat. Egia da prostituzioan dabiltzan denak ez direla emakume migranteak, hemen bertako asko ere ari direlako prostituzioan. Ni neu estatu espainiarrekoa naiz eta hamar urte egin ditut mundu honetan, eta esan diezazukedana da sekulakoak ikusi eta bizi izan ditudala eta prostituzioan ari diren emakumeek arazo larriak dituztela: depresioa, droga-mendekotasuna... Nire lankide batek bere burua urkatu zuen. Egin kasu! Zein beste lanbidetan edan edo drogatu behar da bizi duzun errealitateaz ahazteko?

Elkarrizketa osorik BARREN aldizkariko 1148. zenbakian -PDF-