Ion Sanchez: “Txinatarren erantzun zorrotzak eragotzi du koronabirusa gehiago zabaltzea”

Barren.eus 2020ko ots. 14a, 12:04

Lan kontuek eraman zuten Txinara Ion Sanchez Rovira. 32 urte dauzka eta Fagor Arrasatek Kunshanen daukan plantako erosketa arduraduna da. Bi urteko lan-kontratua sinatua du enpresarekin, eta beraz, gutxienez 2021eko abendura arte han biziko da, Shanghain, 24 milioi biztanleko hirian. 2019-nCoV koronabirusak 300 lagun gaixotu ditu Shanghain, eta kontrol-neurri zorrotzak ezarriak ditu Gobernuak. Gaitzaren kontrako neurriek egunerokoa aldatu dioten arren, lasai bizi dela nabarmendu du Sanchezek Shanghaitik idatziz egindako elkarrizketan.


 • 2019-nCoV koronabirusagatik nazioarteko larrialdia ezarri zuen Osasunerako Mundu Erakundeak, eta Txinara eta inguruetara begira jarrita gaude denok. Zein da hor zaudeten elgoibartarron egoera? Zein da zure egunerokoa koronabirusa gaitza agertu zenetik?
Lehenengo kasuak 2019ko abenduan agertu ziren hemen, baina gu geu urte berri txinatarra baino pare bat egun lehenago hasi ginen kezkatzen hemen, urtarrilaren 20a aldera. Urtarrilaren 23an hartu genituen oporrak, eta etxean sartuta egoteko gomendioa egin ziguten Gobernutik.  Nire kasuan egunean pare bat aldiz irteten naiz etxetik, etxe inguruan kafe bat hartzera edo pasiara ematera, baina beti ere maskara jantzita. Lanean ere eragina du honek guztiak, jakina, ez baitakigu noiz izango dugun lanera itzultzeko aukera.

 • Shanghain 24 milioi lagun bizi zarete, baina kaleak hutsik daudela entzun diegu esaten berriemaile bereziei. Maskarak lortzeko ere zailtasunak daudela irakurri dugu, eta dendetan hasi dela produktuen eskasia. Nola bizi duzue zuek egoera, eta nola daramate hor bertakoek?
24 miloi lagun bizi dira hirian, bai, baina aurretik hemen bizi diren lankideek ohartarazia ziguten ez larritzeko jende gutxi ikusten bagenuen. Oso jende gutxi da jatorriz Shanghaikoa, eta urte berri txinatarra ospatzera beraien herrietara joanak dira. Egia da, bai, kaleak inoiz baino hutsago ikusi ditugula, baina orain artean «normala» zela esan dezakegu. Gobernuak urte berri txinatarra delaeta oporrak luzatu zituen [otsailaren 9ra arte] eta bi astean inoiz baino jende gutxiago dabil. Maskarak lortzeko arazoen inguruan esan dezakedana da Gobernuak oso forma ordenatuan banatu dituela eta ez dela aparteko arazorik izan. Egia da ezin genuela edozein farmazia edo dendetan sartu eta maskarak erosi, baina lortzeko moduak izan ditugu. Janariari dagokionez ere, arazorik ez; saltoki handietan eta denda txikietan ez dute janari faltarik izan ni eta nire lankideak bizi garen inguruan behintzat, eta etxez etxeko zerbitzuak ere martxan jarraitu du.
Asko harritu nau txinatarren erantzunak. Nire ingurukoak oso beldurtuta daude. Egunero idazten digute esanez egoera oso arriskutsua dela eta etxean gelditzeko, maskara erabiltzeko, etab. Batzuek urte berriko oporretako bidaiak ere bertan behera utzi zituzten. Kontuan izan behar da herri txikietako jendea euren herrietatik oso urrun bizi dela eta urtean behin bakarrik ikusten dituztela etxekoak. Beldurra dela-eta familia asko ez dira urte osoan batuko.

 • Berrogeialdian daudenei berrogeialdia zorrotz betetzeko esaten entzuten ditugu munduko agintariak, eta aldi berean, ikusi dugu Txinako Gobernua pertsonen joan-etorriak mugatzen ere. Zein da horko komunikabideek zabaltzen duten mezua?
Hemengo komunikabideak jarraitzeko aukera handirik ez daukat oraindik. Txinera ikasten hasi naiz, baina oraindik ez daukat behar besteko ezagutzarik komunikabideetan diotena ulertzeko. Dena den, esan beharra daukat Euskal Herriko eta estatuko kateetatik jasotako berriek min handia egin dezaketela. Behin eta berriz ari gara entzuten Txinako Gobernua gezurretan ari dela eta askoz gehiago direla hildakoak. Eta gu, hemen egonda lasai bagaude ere, mezu horiek gure etxekoak eta lagunak larritzen dituzte. Horko komunikabideetan entzun eta irakurtzen dituzuen berriak ez datoz bat guk hemen bizi dugunarekin. Janaria badaukagu, maskarak badauzkagu, ez dugu inor kalean hiltzen ikusi. Gaixotasuna larria da, baina lehenengo egunetatik galdera berdina egiten diogu guk elkarri: zenbat jende hiltzen du gripeak urtero Euskal Herrian edo estatuan? 1.300.000.000 biztanleko eta horren populazio dentsitate handia duen estatu batean populazioaren %0,00004 baino gutxiago dago gaixorik. Mediku ezagun bat entzun genuen orain dela gutxi esanez bere alaba biak jatorri txinatarra zutenez berak hitz egin zezakeela Txinari buruz. Berak zioen askoz hildako gehiago egon direla Txinan eta esaten dutena baino ospitale gehiago eraikitzen ari direla. Txinako Gobernua gezurretan ari dela alegia. Zertan laguntzen dute horrelakoek?

 Elkarrizketa osorik BARREN aldizkariko 1148. zenbakian -PDF-