Urruzunoko zabortegia zegoen lekuan lindano maila neurtzeko eskatu du EH Bilduk, eta Mankomunitateak dio ez dagoela alarmarik sortzeko beharrik

Barren.eus 2020ko ots. 11a, 13:29

Urruzunon egon zen zabortegian lurren azterketa berri bat egiteko eskatu du EH Bilduk. Debabarrena Eskualdeko Mankomunitateak dio Jaurlaritzak eskatutako kontrol guztiak betetzen dituztela, eta 1999. urtean egindako ikerketen arabera lindano-isurketen maila "onartutakoa baino 200 aldiz txikiagoa" dela.

 Zaldibarko zabortegian gertatutakoren ostean, Urruzunon egon zen zabortegian jarri du arreta Elgoibarko EH Bilduk. "1999. urtean jakin zen inguru horretara material arriskutsua ekarri zutela, eta kutsadura maila zenbateko den jakin beharra dagoela uste dugu", adierazi dute ezker subiranistako arduradunek. Zaldibarko ezbeharraren harira, herritarren artean gai kutsagarri eta arriskutsuen inguruan kezka zabaltzen ari dela nabarmendu dute, eta elgoibartarrengana ere ailegatu dela kezka, "erori den Eitzaga auzoko zabortegia Elgoibartik kilometro gutxitara dagoelako eta gai arriskutsuen berri ematen ari direlako hedabideak. Elgoibarren bertan ere ez gaude gai arriskutsu horietatik salbu", ohartarazi dute.
Izan ere, gogora ekarri dute Urruzuno bailaran, gaur egun Albitzuri industrialdea dagoen lekuan, zabortegi bat egon zela. "Hainbat salaketa eta ikerketa tarteko, 1999. urtean jakin zen lindanoa zegoela bertan. Trapagatik 200 kamioi ekarri zituzten. Lindanoa zuten kamioietan ekarritako lurrek. Debabarrenako Mankomunitateak lur horien azterketa egin zuen orduan, eta lindanoa egon bazegoela ondorioztatu zen, maila txikian izan arren". Zabortegia egon zen lur horiek berriro aztertzea eskatu du orain Elgoibarko EH Bilduk. "Hogei urte dira, guk dagikula, neurketarik egin ez dena. Eta lindanoa, egon badago. Herritarren artean gai kutsakorren inguruan zabaldu den kezka ikusita, beharrezkoa ikusten dugu neurketa berriak egitea, eta Udalak hartzea horren ardura". Hala, ekimena aurkeztuko du EH Bilduk Elgoibarko Udalean, Urruzunoko lurretan lindanoa edo bestelako gai kutsakorrak dauden edo ez jakiteko eta arrisku maila zenbatekoa den ezagutzeko.
  • Debabarrenako Mankomunitatearen erantzuna
Debabarrena Mankomunitateko presidente Iosu Arraizek Jaurlaritzak eskatutako kontrol guztiak bete dituztela erantzun du eta kargu hartu die EH Bildukoei "alarmarik" sortzeko beharrik ez dagoela-eta. "1999an egindako hainbat ikerketek ematen zituzten balioak oso oso txikiak ziren, onartutakoa baino 200 aldiz txikiagoa zen lindane kopurua, eta legediaren barruan daude datu guztiak", adierazi du. Zabortegia itxita eta zigilatua dagoela gaineratu du Arraizek. "Zabortegia izan zenaren inguruaren kudeaketaz eta kontrol lanaz Deba Bailarako Industrialdea arduratzen da, Mankomunitatea parte delarik, eta Jaurlaritzak eskatutako kontrol guztiak betetzen ari gara, erabateko zorroztasunarekin. Berriro diot, ez dago inolako alarmarik sortzeko beharrik", esan du Mankomunitateko presidenteak.

  • 1999. urtean egin zituzten ikerketen emaitzak

Debabarrenako Mankomunitateak Urruzunoko zabortegiaren egoera aztertzeko hainbat ikerketa egin zituen 1999. urtean, kutsatutako lurrak Elgoibarrera nola ailegatu ziren jakiteko. Luis Alberto Aranbarri zen Mankomunitateko presidentea garai hartan eta aurkitutako lindane kopurua onartutakoa baino 200 aldiz txikiagoa zela adierazi zuen 1999ko udan eginiko analisien emaitzak aipatuz. “Kezkatzen gaituena ez da ekarri duten kantitatea, kutsatutako lurrak hona ekartzea baizik. Izan ere kontrol egokiak egin gabe sartu dira”, adierazi zuen. Hori dela-eta, zabortegiko zuzendariari espedientea irekitzeaz gainera, Mankomunitateak hainbat ikerketa egin zituen lurren jatorria, kantitatea eta kontrol sistema aztertzeko. (ikus BARRENen 1.999ko uztailean argitaratutako albistea) Team ingurugiro ingeniaritza enpresak, esaterako, zabortegiko ura eta atmosfera ikertu zituen, besteak beste. 2.000. urteko otsailean eman zuten eginiko ikerketaren emaitzen berri. Lindane kopuruari dagokionez, lindanea egon bazegoela, baina 10 metro lur azpian eta sakabanatuta nabarmendu zuten, eta giza osasunerako ez zuela inolako eraginik (irakurri hemen BARRENek 2000. urteko otsailean argitaratutako albistea).

2020 02 11 albitzuri industrialdea airetik

2020 02 11 urruzuno albitzuri elgoibar

  • Lindanoa, erabat debekatua
Lindanoa hexakloroziklohexanoaren (HCH) isomero kimiko bat da, iraganean pestizidatzat erabili izan dena. Substantzia organokloratu bat da, eta iraunkortasuna, toxikotasuna, mugikortasuna eta biometatzea ditu ezaugarritzat. Gaur egun, desagerrarazi beharreko material arriskutsu gisa izendatua du Nazio Batuen Erakundeak. 2008tik, erabat debekatua dago, produkzioa ez ezik, erabilera ere.
Izan ere, batetik, iraunkorra da, eta nekez desagertzen da. Luzaro irauten du. Bestetik, oso kutsagarria da, oso toxikoa, eta ia bizidun guztiak zein inguruneak hondatzen ditu. Eta, gainera, erraz barneratzen da. Irentsiz gero, gorputzean geratzen da, baina baita arnastu edo ukituz gero ere. Une bakoitzean barneratutako dosi bakoitza aurrekoari gehitzen zaio. Gorputzean pilatzen da, desagertu gabe. Hala ere, Euskal Herrian lindanoak kutsatutako gero eta lur gehiago agertzen direla salatzen dute talde ekologistek, eta lindanoa duten lurrak garbitzeko plan bat eskatzen diete erakundeei. Informazio osoagoa: bizkaia.hitza.eus