Josu Zabala: “Minaren aurrean jarrera aktiboa hartzeak sendatze bidean jarriko gaitu”

Barren.eus 2020ko ots. 7a, 10:21

Josu Zabala (Elgoibar, 1980) min kronikoa ikertzen ari da, hau da, gutxienez hiru hilabetean irauten duen mina, eta boluntarioak behar ditu. Fisioterapeuta da Zabala, eta eskolak ematen ditu EHUko Unibertsitatean. Ikerketa talde bateko kide da, eta doktorego tesia egiten dihardu minaren inguruan.

 Orain arte uste zen min kronikoaren arrazoiak ehunetan bakarrik zeudela, baina azkenaldian kontrakoa esaten duen korronte bat ari da nagusitzen, eta horren arabera, minaren kronizitatea handitzen doan heinean, ehunekiko erlazioa txikitu egiten da. Zabalak bere tesian bi tipologia horietako pertsonak sailkatu nahi ditu: lepoko mina ehunetako arazo baten ondorioz dutenak eta nerbio sistemak eragindako arazoa dutenak. Ikerketa horretarako boluntarioak behar ditu: batetik, gutxienez hiru hilabeteko epean lepoko mina izan duten pertsonak, eta bestetik, azken hiru hilabeteetan gutxienez min jarrairik sentitu ez dutenak. Ikerketan parte hartzeko interesatuek 606 282 577 telefonora deitu dezakete.

2020 02 06 josu zabala mina aztergai elgoibar barren 1

 • Mina ikertzen ari zara doktorego tesian. Zertan datza zure ikerketa?
Neurozientzietako ikerketa talde bateko kide naiz EHUn, eta mina aztertzen ari gara. Minak azken urteetan paradigma aldaketa bat jasan du, eta ikuspuntu biomediko edo biomekaniko batetik ikuspuntu neurofisiologikora pasatu da. Ni zehazki min kronikoa aztertzen ari naiz; lepoko min kronikoa. Orain arte uste zen minaren eta ehunen egoeraren arteko erlazioa zuzena zela, baina azken urteetako ikerkuntzek erakutsi dute ez dagoela korrelazio zuzenik. Ikusi da nerbio sistemak askoz eragin handiagoa duela minean, hau da, nerbio sisteman daukagun kitzikapen mailak eta garunaren prozesamendu guztiak ere eragiten diola minari. Egia da ehunetatik ere etorri daitekeela mina, baina guk jakin nahi dugu minaren jatorria zenbateraino den ehunetatik eratorria eta zenbateraino dagoen min hori nerbio sistemaren aktibitate oker bati lotuta. Minaren jatorriaren arabera, pazienteari tratamendu bat edo bestea aplikatuko zaio.

 • Nola definituko zenuke mina?
Mina da estimulu baten aurrean garunak daukan iritzi bat, berak ebaluatzen ditu bizitako esperientziak, egoeraren arriskuak, sentitzen dituen estimuluak... eta horrekin guztiarekin sortzen du minaren pertzepzioa. Minak ez dauka balore objektiborik; mina beti da subjektuaren pertzepzio bat. Zenbaki bat izan dezake minak, baina beti izango da subjektuaren subjektibitateak baldintzaturiko zenbaki bat. Mina ebaluazio bat da, eta gainera, oso aldakorra. Egun bakoitzean, gorputzeko atal bakoitzean mina desberdin sentitu daiteke. Erabat subjektiboa da mina, ez dago min objektiborik. Mina sortzeko arrazoietako bat ehunen hiltzea da, hau da nekrosia, edo nekrosirako arriskua. Adibidez, erori eta kolpe bat hartzen baduzu, ehun batzuk hil egin daitezke. Gero inflamazio bat ematen da normalean, gero berriz jaitsi eta egoera konpondu egiten da. Eboluzio natural bat gertatzen da, eta inflamazioak irauten duen laupabost egunetan mina sentitzea normala da, gorputzeko atal hori babestu eta min gehiago ez eragiteko. Beste batzuetan mina arrazoi jakinik gabe agertzen da, edo ehunen nekrosiarekin lotzen diren ekintzarik gertatu gabe agertzen da. Kasu horiek ondo aztertu behar dira.

 • Ikerketa egiteko paziente bila zabiltza. Nolako pazienteak behar dituzu?
60 lagun behar ditut, eta momentuz, 20 dauzkat. Bi motatako boluntarioak behar ditut: batetik, behar dut gutxienez hiru hilabeteko epean lepoko minez dabilen jendea. Ez du esan nahi hiru hilabete jarraian minez egon behar izan duenik, baina behar dut nigana etortzen den momentuan minez egotea. Bestetik, guztiz kontrako pazienteak behar ditut. Hau da, azken hiru hilabeteetan minik eduki ez dutenak eta azterketa egunean ere minik gabe daudenak. Balorazio neurofisiologiko bat egingo diegu lehenik, eta gero, min kronikoa dutenei, lepoko mina tratatuko diegu, eskuterapia bidez. Lau sesio emango dizkiegu, eta bukaeran, berriz neurtuko diegu egoera neurofisiologikoa, diferentzia ikusteko. Ikerketatik kanpo etortzen den beste edozein pazientek jasotzen duten tratamendu berbera jasoko dute boluntarioek, doan, eta gainera, neurketa neurofisiologiko bat egingo diegu makina zehatz batzuekin. Tratamendua Durangon izango da, nik hango zentro batean lan egiten dudalako. Saioak astean behin izango dira, beraz, garrantzitsua da paziente horiek hilabeteko epean gutxienez inguru honetan ibiltzea tratamendua egin ahal izateko.

 • Pentsatzen duguna sentitzen dugula esaten da. Ados zaude baieztapen horrekin?
Bai, hori da. Azken batean garunak egiten duen ebaluazio bat da mina, eta gure bizipenek eragin handia dute. Adibidez, ikusi baduzu zure gurasoek gerriko mina eduki dutela, umetatik jaso duzun mezua da gerriko minak gurasoei kalteegin diela. Orduan zuk gerriko mina baldin badaukazu, zure garunak estimulo horri ematen dion garrantzia askoz handiagoa da, eta zenbat eta garrantzi handiagoa eman, garunaren erantzuna orduan eta handiagoa izango da. Azken batean mina gorputzak daukan babes sistema da, eta babes hori sortzen du garunaren ebaluaziotik ateratako arrisku mailaren arabera. Denok erlazionatzen dugu mina gure bizipenekin.

 • Nola eragiten du minak pertsonen bizimoduan?
Normalean min kronikoa duen jendeak neke sentsazioa edukitzen du, mugitzea kostatzen zaio, aktibitaterako motibazio falta izaten du... Horrek ez du esan nahi pertsona hori horrelakoa denik, baina garunak askatzen dituen molekulen arabera bideratzen du gorputza aktibitatera edo pasibitatera. Minaren aurrean jarrera aktiboa hartzeak sendatze bidean jarriko gaitu. Garunaren joerak eragin handia dauka min bat sendatzerakoan.

Elkarrizketa osorik BARREN aldizkariko 1147. zenbakian -PDF-

∞Lotura duten albisteak: