Manifestazioarekin eman zitzaion atzo azkena Elgoibarren Eskubide Sozialen Gutunak deitutako grebari

Barren.eus 2020ko urt. 31a, 11:18

Lan, pentsio eta bizitza duinak aldarrikatzeko greba eguna deitu zuen Eskubide Sozialen Gutunak atzorako, eta grebak eragina izan zuen gurean ere. Zabala, sindikatuen arabera; apala, patronalaren esanetan.

 Piketeak ibili ziren goizean industrialdeetan zabalik zeuden lantegien bueltan, bai eta herri sarreretan ere, baina eguerdian, Eibarren egin zen manifestaziora batu ziren greba deialdiarekin bat egin zuten herritarretako askok. Elgoibarren, hamabost bat lagunek bizikletaz egin zuten Eibarrerako bidea, eta autobus geltokian ere dozenaka lagun ikusi genituen grebari atxikimendua agertzeko eskuorriekin, tartean pentsiodunak asko. Eibarren, milaka lagun batu ziren manifestazioan (ikus irudiak etakitto.eus-en), eta jubilatu eta pentsiodunak joan ziren manifestazio-buruan, herriko talde feministakoek jarraituta. Iluntzean, manifestazio jendetsua egin zen Elgoibarren ere (ikus Elgoibarko manifestazioa, argazkitan).

2020 01 30 greba orokorra manifestazioa elgoibar barren errosario 

2020 01 30 Eibar greba maniestazioa

 • Mendaron
Mendaron, ohi baino mugimendu apalagoa suma zitekeen industrialdeetan. Ateak itxita zituzten enpresa gehienek, eta zaila zen barruko dinamika antzematea. Hala ere, ohi baino auto gutxiago ikus zitezkeen aparkalekuetan. 2020 01 30 greba Mendaro

Herrigunean, baina, apenas izan zuen grebak eraginik. Bi taberna eta saltoki txiki bat izan ezean, gainerako guztia zabalik egon zen, eta Udalean ere ohiko zerbitzua eman zuten. Mendaro Ikastolan eta Mendaro Ospitalean, bestalde, gutxieneko zerbitzuak eman zituzten. Mendaro Ikastolatik jakinarazi zuten irakasleen klaustroaren gehiengoak egin zuela bat grebarekin, eta ondorioz, ez zela ohiko eskolarik eman, ezta beste egunetako zerbitzurik ere. Lurraldebusek ere iragarritako gutxieneko zerbitzuak bete zituen, bai eta Euskotrenek ere. Nolanahi ere, tren-zerbitzua etenda egon zen goizean, piketeek zuhaitz bat bota zutelako Berrizen eta enbor bat trenbideko katenariaren gainera jausi zelako. Trenaren ordez, autobusa ibili zen zerbitzu hori betetzen.

 • Elgoibar
Elgoibarren, herriguneko taberna eta saltoki gehienak zabalik egon ziren goizean, bai eta industrialdeetan kokatuta dauden saltoki handiak ere, Dia izan ezik. Arratsaldean, mobilizazio orduan, gehiagok itxi zuten. Industrian, zaila da neurtzea. ELA sindikatuak emandako datuen arabera, Rodisan, Danobaten, Gorosabelen (Mendaro), Grindelen, Giauton, eta Sippen, bozketa egin zuten langileek greba-eguna aurretik, eta Danobaten ez beste guztietan grebarekin bat egiteak irabazi zuen. Danobateko bozketan ezetzak irabazi zuen, hogei bat botoren aldearekin. Jarraipenik handiena  ikastetxeeta izan zuen grebak. Bestalde, hauxe da guk gure begiz atzo ikusitakoa. Mugimendu txikiena Albitxuriko industrigunean zegoen. Ateak itxita zituzten enpresa guztiek, eta zaila zen zenbateko jardunean ari ziren antzematen, baina trafikoa ohikoa baino nabarmen txikiagoa zen inguruan, eta aparkalekuetan ere ohi baino ibilgailu gutxiago zeuden aparkatuta. Sigmako industrialdean beste mugimendu bat igarri zitekeen, handiagoa eta ohiko lanegun batekoaren antzekoagoa, baina inguruan lanean ari ziren langileen arabera, igarri zitekeen aldea. Elgoibar Ikastolan eta Herri Eskolan gutxieneko zerbitzuak eskaini zituzten. IMHn, ikasleek greba egin zuten, bai eta Institutuan eta Mekan ere. Mekan, bestalde, 70 langiletik 17k egin zuten bat grebarekin.

2020 01 30 greba orokorra elgoibar bizikletaz eibar manifestaziora

2020 01 30 andoni segundo eibar untzaga grebaorokorraHona hemen, Elgoibarko greba batzordetik bulegora bidali diguten bideoa:

 ∞Lotura duten albisteak: