Greba orokorreko ekintzen egitaraua aurkeztu du Elgoibarko Greba Batzordeak

Barren.eus 2020ko urt. 28a, 18:25

Eguen honetan, urtarrilaren 30erako, egingo den greba orokorrean kaleak hartzeko deia egin du Elgoibarko Greba Batzordeak, eta grebaren harira prestatu dituzten ekintzen berri eman dute.

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak urtarrilaren 30erako bizitza, lan eta pentsio duinen alde deitutako greba orokorrarekin bat egin dute Elgoibarko hainbat herri mugimenduk zein norbanakok, eta grebari babesa agertzeko bilkura egin zuten joan den zapatuan. Goian ikus dezakezue ondoren atera zuten elkartasun argazkia.

Horrez gainera, Elgoibarko Greba Batzordeak prestatu dituzten ekintzen egitaraua aurkeztu du. Hasteko, Greba orokorraren bezperatako, urtarrilaren 29an, lapiko jotzea egingo dute, 21:30ean, herriko kaleetan.
Greba egunerako egun osoko egitaraua antolatu du batzordeak. 7:30ean elkartuko dira Guass dantzalekua egon zen tokian dagoen aparkalekuan. Gero, 11:30ean Kalegoen plazan batuko duira Eibarrera joateko. Bizikletaz egingo dute Eibarrerainoko bidea, eguraldiak laguntzen badu, eta osterantzean autoz joango dira. Bailarako manifestazioa 12:30ean hasiko da Untzaga plazan. Azkenik, Elgoibarren ere egingo dute manifestazioa, 18:00etan, Kalegoen plazatik abiatuta.

 • Atxikimendu "handia eta anitza"
Greba erregistratu zuten ELA eta LAB sindikatuetako ordezkariek jakitera eman dutenez, orain arte jaso duten atxikimendu kopurua “handia eta anitza” izaten ari da. Grebarako 170 batzorde sortu direla jakinarazi dute, “beste greba deialdietan baino gehiago”, eta 1.200 enpresak baino gehiagok eman diote atxikimendua. Azpimarratu dutenez, arlo eta izaera askotariko enpresek adierazi dute babesa, arlo publikoko zein pribatukokoek: hezkuntza, garraio eta bestelako sektoretakoak, zein sektore feminizatuak. Tartean dira CAF, Bidelan, Azkoyen edo Bilboko Metroa, besteak beste.

 • Grebarako arrazoiak
“Grebarako arrazoiak hamaika dira, eta bai, jakina, greba politikoa da, borroka oro da politikoa. Bizitza duina nahi dugu, eta horrek bere baitan borroka asko elkartzen ditu. 30 puntutara ekarri ditugu eskaerak eta irakurtzen duen edonork ikusiko du grebara deitzeko sobera arrazoi daudela, bistakoa delako lan-baldintzak etengabe ari direla prekarizatzen eta pobrezia gero eta handiagoa dela gurean ere”, adierazi du Amagoia Lasagabasterrek, ELAk Deba arrorako duen ordezkariak. Batetik, eskatu dute 2011 eta 2013ko erreformetan onetsitako pentsio-murrizketak indargabetzea eta pentsioak KPIaren arabera eguneratzea, eta bestetik, Zapateroren eta Raxoiren lan-erreformak bertan behera lagatzea. Horrez gain, eskubide sozialak bermatzeko ere exijitu dute. Eskaera guztien artean, badira zuzenean EAEko eta Nafarroako instituzioei egindakoak: eskatu diete euren “erantzukizunak” onartzeko eta bide horretan aurrera egiteko neurriak hartzeko, esaterako hauek: aurrekontu orokorren bidez, gutxieneko pentsioa legez 1.080 euro arte osatzea, 1.200 euroko gutxieneko soldata eta 35 orduko gehienezko lanaldia ezartzea, Diru Sarrerak Bermatzeko Errentaren inguruan eta etxebizitza eskubidearen alde Eskubide Sozialen Kartak sustatutako Herri Ekimen Legegilea onartzea eta lan arloan ematen den soldata arrakalaren diskriminazioaren eta indarkeria matxistaren aurkako legea onartzea. Informazio osoagoa BARREN aldizkariko 1045. zenbakian -PDF-

∞Lotura duten albisteak:

2020 01 28 u30elgoibar