Urazandirako diren proiektuak auzotarrekin elkarlanean adostea eskatu du Urazandi Auzo Elkarteak

Barren.eus 2020ko urt. 24a, 13:43

Urazandi auzoko bizilagunek bat egin dute beraien beharrak Udalari modu bateratuan eta formalean aurkezteko. Orain arte auzotarrak banaka joaten ziren nor bere beharrak azaltzera, baina modu horretan eginda baino taldean eginda eraginkorragoak izango direlakoan, elkartea eratu dute. Urazandi Auzo Elkartea sortu dute, eta hasi dira lanean. Beraien helburu nagusia Urazandirako irisgarritasuna hobetzea da.

 Urazandi, hitzak berak etimologikoki esaten duen moduan, uraz handik dagoen auzoa da. Orain dela 45 bat urte sortu zuten auzoa, eta gaur egun bi mila biztanle inguru bizi dira. 11.000 lagun inguruko biztanleria duen herri batean kontuan hartzeko moduko auzoa dela uste dute auzokideek, baina urteetan, “ahaztuta” sentitu dira. Urazandiko bizilagunek banaka eta talde txikitan batuta jardun dute orain arte Udalari auzorako hobekuntzak eskatzen, herritar bezala dituzten eskubideak “exijitzen”, eta agintariek eskari horietako batzuk aintzat hartu badituzte ere, konturatu dira taldean batuta eraginkorragoak izateko aukera dutela. Hori dela eta, elkarte bat sortzeko prozedimendua hasi zuten iaz, eta dagoeneko prest dute taldea: Urazandi Auzo Elkartea sortu dute, eta auzoaren eta auzotarren alde lanean ari dira. Helburu nagusia auzotarren bizi-kalitatea hobetzea da, eta horretarako, bizilagunen beharrak jasoko ditu elkarte honek. Nolabait esateko, bizilagunen eta Udalaren arteko zubi lana egingo dute elkarteko kideek.
•Aurrekariak
Urazandiko bizilagunen kezkarik handiena auzorako irisgarritasuna da: “Herritik gertu, baina aldi berean, urrun gaude” esan dute Urazandi Auzo Elkarteko zuzendaritzakoek. Oinezkoentzako irisgarritasunaz ari dira, bereziki. King-Kong zubia da urteetan Urazandiko bizilagunen arazo nagusia. Zubia zaharra da, eta ez ditu irisgarritasun neurriak betetzen. Orain dela urte batzuk eskilarak zituen zubiak, eta gurpildun aulkian eta ume kotxearekin ibiltzeko zailtasunak eragiten zituen. Bizilagun batzuek eskailera horiek kentzeko eskatu zioten Udalari, eta halaxe egin zuen Udalak, baina arazo bati emandako irtenbideak beste arazo bat ekarri zuen: zubiak aldapa handia dauka gaur egun, eta labaina da euria egiten duenean. Elkarteko kideek esan dute neurtuta dutela eta legeak onartzen duena baino pendiz handiagoa duela aldapak. Egoera horren aurrean, bizilagun batzuk sinadurak bildu zituzten iaz, zubi “seguru eta erabilgarri” bat eskatzeko. Urazandiko portal guztietan jarri zituzten sinadurak batzeko orriak, eta, auzotar askok egin zuten bat ekimen honekin. Hori izan zen auzo elkartea sortzera bultzatu zituen ekimena. Maiatzean egin zuten lehen auzo-bilera, eta ehun lagunetik gora batu ziren. Batzar hartan eratu zuten zuzendaritza batzordea, eta lanari ekin zioten.

2020 01 24 urazandi bilera auzotarrak aitorzabala

Bi aldiz batu ziren iaz elkarteko kideak Udaleko agintariekin, eta argi utzi nahi dute Udalarekin orain arte izan duten harremana oso ona izan dela. Udalak ondo hartu ditu, eta euren eskaera guztiak entzun eta ulertzen dituela adierazi die, eta baliabideen arabera, auzorako hobekuntzak egiteko konpromisoa erakutsi die. Esate baterako, Pilarreko aparkalekua garbitzeko eskatu zioten Udalari, eta handik gutxira, orubea txukundu zutela azaldu dute, “erabat eskertuta”. Era berean, Udalak auzorako dituen proiektuen berri ere eman diete elkarteko kideei, eta “pozik” hartu dituzte auzotarrek, “berri onak” direlakoan. Apirilerako hitzartu dute hurrengo batzarra Udalarekin. Elkarteko kideek nahi dute Urazandirako diren proiektuak auzotarrekin elkarlanean adostea, eurek ezagutzen dituztelako inork baino hobeto auzoak dituen beharrak. Ez dute nahi Udalak “pastela eginda” ematea, pastela eurekin egin nahi dute.

∞Lotura duten albisteak: