Azken urteetan bezala, igandeko mezaren aurretik egingo dute, 11:45ean. Arduradunek jakinarazi dute batzarrera joaten ez diren bazkideek 10 euroko isuna izango dutela. Bestalde, elkartean izena eman nahi duen orok, ateak zabalik dituela gogorarazi dute. Interesatuak batzarrera bertara agertu daitezke, edo bestela, zuzendaritza batzordeko kideekin jarri beharko dute harremanetan.
Heriotzaren nahigabea arintzeko sortu zuten Mendaron Sendi Anaitasuna elkartea eta Mendaroko familia gehienak dira gaur egun elkarteko kide. Elkarte bitxia da, eta Euskal Herrian ez da honelako besterik ezagutzen. Sendi-Anaitasuna Elkarteak, heriotzaren orduan bat eginik, gastu guztiak bere gain hartzen ditu. Funtzionamendua oso sinplea da. Elkarteko kide bat hiltzen denean, hiletako gastuak ordaintzea da helburua. Ez da kuota finkorik ordaindu behar, heriotzaren bat gertatzen de momentuan bakarrik ordaindu behar izaten da. Elkarteak lurpetzea eta funerariaren gastuak hartzen ditu bere gain, eta hortik kanporakoa zendutakoaren familiak ordaindu behar du. Elkarteko kide zateko ezinbestekoa da Mendaron bizi eta bertan erroldatuta egotea.
Elkartea ez da gaur goizekoa, aurkitu izan duten aurreneko akta 1933. urtekoa baita, baina ez dakite aurrez besterik egon zen ala ez.